Barneko jokoa indartzeko ekarri dute. Pibota da eta 2.09 metroko garaiera du. Bartzelonako harrobian ibili zen eta, ondoren, Zilarrezko LEB Ligan bost urte eman ditu hainbat taldetan: Cornellá, Sevilla, El Prat eta Araberri. Urrezko LEB Ligan ere aritua da Iruña-Nafarroa taldeagaz. Iaz USA Toulouges taldean aritu zen, Frantziako bigarren mailan.
Taldeko entrenatzaile Mikel Garitaonandiaren ustez, “geunden egoeran geundela, egin genezakeen fitxaketarik onena da zalantza barik eta oso pozik gaude”. Liga ezagutzen duen jokalaria dela dio eta horri esker “lehenengo egunetik laguntzeko gaitasuna du”. Jokalariaren erradiografia egiterakoan gaitasun positibo asko ikusten dizkio: “Erreboteatzeko duen sena eta lana eskeiniko digu batez ere. Erasoan blokeo zuzena eta jarraipena irakurtzeko gai den jokalaria da. Handia da eta mugikortasuna erakutsi du”.
Ametx erakundeagaz akordioa
Zornotza Saskibaloi Taldeak eta Ametx erakunde autonomoak akordioa sinatu dute klubaren lehen taldearen izena lagatzeko. Hemendik aurrera Ametx Zornotza deitzera pasatuko da. Honez gainera, kirol taldeak Ametxek antolatutako ekintzen berri ematen lagunduko du bere sare sozialetan.
Saskibaloi taldeak “esker ona” erakutsi du Zornotzako Udaletik eta Ametx erakunde autonomotik saskibaloia sustatzeko “beti jaso izan dugun laguntzagatik”.
Ametx Zornotzako kultura, euskara eta kirol arloak barneratzen dituen erakunde autonomoa da, 2005ean sortua. Euskara, kultura eta kirol zerbitzuak eta eskaintza sustatzeaz gainera, gizarte eremuetan euskararen erabileraren normalizazioa bultzatu eta sustatzea du helburu.