Zornotza saskibaloi taldea nagusitasunez sailkatu da Euskal Kopako azken faserako. Asteburuan beste garaipen bi lortu ditu Mondragon Unibertsitatea (101-60) eta Saenz Horeca Araberri (87-78) taldeen kontra eta multzoburu moduan sailkatu da.
Azken fasea Urretxuko kiroldegian jokatuko dute datorren asteburuan. Zapatuan finalerdiak izango dira. Zornotzak Santurtziren kontra jokatuko du 16:30etik aurrera. Ondoren, 18:30ean, Sammic ISB eta Araberri taldeen artekoa hasiko da. Irabazleek domekan, 12:00etan, jokatuko dute finala. Aurretik, 10:00etan, zapatuko galtzaileak neurtuko dira hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko.