Bozeramaileen batzordeak adostu eta gaur goizeko udalbatzarrean irakurri duten adierazpenak sei puntu ditu. Funtsean, gerran dauden errefuxiatuei laguntzeko prestutasuna erakutsi eta horretarako bitartekoak jartzeko konpromisoa hartzen du. “Errefuxiatuei merezi eta behar duten harrera emateko eta harrera hori berme osoaz egiteko prest” azaltzen da, “eraginkorra eta iraunkorra izan dadin”, adierazpenak jasotzen duenez.
Udalak baliabide materialen inbentarioa egingo du “hainbat arinen” bakoitzari dagokion diru-hornidura azalduz. Informazio hori Eusko Jaurlaritzaren esku jarriko dute lehen harrera-aldirako eta “baita behar izanez gero, egonaldi luzeagoetarako edota behin betiko egonaldietarako ere”.
Egoerari “erantzun integral eta koordinatua emateko” Eusko Jaurlaritza edo EAEko gainerako erakundeekin batera lan egingo dute. Errefuxiatuei laguntzen dabiltzan Gobernuz Kanpoko Erakunde zein gizarte erakundeekin lanean jarraitzeko konpromisoa ere jasotzen du adierazpenak.
Udalbatzarraren ostean egindako adierazpenetan Andoni Agirrebeitia alkateak Udalaren konpromisoa berretsi du: “Udalak eskatzen zaion guztia jarriko du dena delakoa izanda ere”. Gobernuan eta erakundeetan lotutako akordioak betetzeko prest daude: “Euren esanetara gaude eta hartzen diren akordioak beteko ditugu”.
EH Bildu: “Integraziorako bideak ere landu behar dira”
Adierazpena irakurri ostean EH Bilduko Urko Lopezek hitza eskatu du. Errefuxiatuak hartu bai, baina ostean, horiek integratzeko bideak landu behar direla gaineratu du: “Kontua ez da bakarrik hona etortzea. Ondoren, denen artean, etortzen direnak integratzeko moduak ere aurkitu behar ditugu, bestela ghettoak sortu daitezke, beste toki askotan gertatu den moduan”.
Gerra Zibilaren sasoian euskaldun askok ere kanporako bidea hartu behar zutela gogoratu du: “Norberaren herrialdea norberaren borondatearen kontra utzi behar denean zer sentitzen den gogoratu behar dugu”. Azkenik, datozenei ez ezik, gerran dauden herrialdeetan geratu direnei laguntzeko ere eskatu die goiko instantziei.