Pilota eskolako haurren amek harmailetatik kantxarako jauzia eman dute Zornotzan

Anboto 2015eko irailaren 8a

Sekula ez da berandu esku pilotan hasteko. Horixe pentsatu dute Zornotzako emakume batzuek Lagun Onak taldean, eta entrenatzeari ekin diote. Zornotzako pilota elkarteak maratoia antolatu zuen, eta Larrabetzuko emakume taldeak parte hartu zuen. Publikoan pilota eskolako mutikoen amek arretaz jarraitu zituzten larrabetzuarren partiduak. Taldearen entrenatzaile Markel Atutxak dioenez, emakume haiek ikusirik, jokalari gazteen amen talde hau ere entrenatzera animatu zen. “Klubean galdetu zidaten ea prest egongo nintzen emakume hauek entrenatzeko, eta horrela ekin genion ibilbideari”.

Emakume taldean 30-40 urte arteko hamar jokalarik dihardute. Joan zen ikasturtearen erdian sortu zuten taldea, eta hastear den honetan ere jarraitu egingo dute. “Astean behin gelditzen hasi ginen, eta Aste Santutik aurrera bi egunetan, dio entrenatzaileak. Ilusioz bizi dute kirola. Umeekin orduak ematen zituzten frontoian, eta orain kirol honek beraiek ere harrapatu ditu. Atutxak azaldu duenez, entrenamenduaz gainera, beraien kontura ere gelditzen dira pilotan aritzeko.

Txapelketetan ere bai
Martxoan Federazioak Larrabetzun antolatutako txapelketa bat zegoela baliatu zuten taldeko kide bik lehiaren zaporea dastatzeko. Hilabete gutxiko entrenamendua izan arren, esperientzia hori bizi gura izan zuten. Hala ere, Zornotzako jaietan izan zuten arrakastarik handiena. Umeen txapelketaren finalean, zapatu arratsaldez, jende larregi egoten dela iritzita, beraien partidak goizez izatea gura izan zuten. “Azkenean, goizean arratsaldean baino jende gehiago elkartu zen. 200 lagun elkartuko ziren”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!