Denboraldiko lehenengo bi partiduak galdu ostean, Amorebietak zalantzak uxatu eta urduritasunak baretzeko garaipena behar zuen La Rodaren kontra. Partiduan zehar markagailuan birritan atzetik joan eta berdintzea lortu ondoren, garaipena lortzeko abagune ezinhobearekin aurkitu zen 90. minutuan: aldeko penaltia. Jaurtitzeko erantzukizuna ez zen nolanahikoa, baina Asier Goiriak odol hotza erakutsi zuen Panenka erara jaurti eta baloia barrura bidaltzeko. Aurreko partidu bietan Amorebieta izan zen azken minutan gola jaso eta erreakziorako denborarik izan ez zuena; oraingoan, justu kontrakoa gertatu zen eta Carlos Docandoren gizonek azken txanpan lortu zuten garaipenaren gola, beste ezertarako astirik ez zegoenean.
Bilbao Athleticetik Amorebietara etorri berria den Jorge Garciak detaile politak utzi zituen partiduan zehar. Esaterako, bere jokaldi bati esker etorri zen Amorebietaren engo gola ekarriko zuen penaltia. Berdinketaren gola zen. Ondoren, La Roda berriro aurreratu zen markagailuan. Amorebietak ez zuen etsi eta Julen Orbegozok markagailua bina orekatzea lortu zuen. Orbegozok merezi zuen golaren saria, partidu osoan bila ibili ostean. Azken minutuan Asier Goiriaren artelana helduko zen.
Ondorioz, Amorebietak denboraldiko lehenengo puntuak batu ditu asko sufrituta izan bada ere eta sailkapeneko zulotik irten da. Datorren asteburuan Ebro taldea bisitatuko du.