Amorebieta futbol klubak azken egunera arte aprobetxatu du fitxaketa merkatua. Gaur jakinarazi duenez, Jorge Garcia erdilaria (1993, Getxo) Amorebietara batu da Athleticekin zuen kontratua eten ostean. Romon eman zituen lehen urratsak eta, ostean, Arenas (2011/12), Portugalete (2012/13) eta Barakaldo (2013/14) taldeetan aritu zen iaz Bilbao Athleticera heldu arte. Athleticekin 20 partidu jokatu zituen eta Bigarren Mailarako igoera lortu zuen.
Amorebietak bigarren porrota
Carlos Docandok zuzentzen duen taldeak denaren beharra izango du liga porrot birekin hasi duelako. Asteburuan 1-0 galdu zuen Talaverara (Gaztela-Mantxa) egindako bisitan. Estreinako partiduan gertatu moduan, partiduko azken minutuetan jaso zuten gola —84. minutuan— eta ez zuten erreakziorako denborarik izan. Partidu orekatua izan zen eta Amorebietak izan zituen gola sartzeko aukera batzuk, baina ate aurrean kamuts dabiltza liga hasiera honetan. Bi partidutan ez dute golik sartu eta aurkariek bana sartzea nahikoa izan dute Amorebieta esku hutsik uzteko. Gainera, Amelibia zentrala lesionatu egin zen Talaveraren kontrako partiduan eta Mikel Juaristik ere ez du hurrengo partidua jokatzerik izango txartelen ondorioz.
Datorren larunbatean, 17:00etan, La Roda taldearen kontra jokatuko dute Urritxen.