Talde biek entrenatzaile berria dute, eta etapa berri baten hasieran daude. Amorebietan, Carlos Docandok Jose Felix Gallastegi ordezkatu du aurten, eta Igor Gordobilek urte askoan Leioako gidari izan den David Movilla. Partiduan zehar igarri zen talde biak oraindik badutela zertan hobetua. Lehen zatian, intentsitate handia erakutsi zuten, baina aukera gutxi izan zituzten. Bigarrenean, Amorebietak hainbat bider lortu zuen Leioaren presiotik irtetea, baina azken metroetan argitasuna falta izan zitzaion. Hala ere, izan zituen aukera gutxi batzuk, baina ez zuen asmatu. Azkenean, punteria onena erakutsi zuen taldearentzat izan zen garaipena. Partidua husna amaituko zela zirudienean, Leioako Güemes jokalariak jaurtiketa zehatz bategaz Sergio Herrera atezaina gainditu zuen. 89. minutuan heldu zen gola, eta ez zegoen erreakziorako astirik.
Asteburuan, Toledoko (Espainia) Talavera de la Reina taldearen zelaia bisitatuko du Amorebietak. Gaztela-Mantxako taldeak ere porrot bategaz ekin dio denboraldiari; Real Unión taldeari egindako bisitan 2-0 galdu zuen. Denboraldia hasi berria da, eta sailkapeneko postuak oraindik ez dira ezeren adierazle, baina asteburuan hiru puntuak ekartzea garrantzitsua litzateke, batez ere taldearen konfiantzari begira.
Kulturalak berdinketa
Maila bat beherago, Hirugarren Mailan, Durangoko Kulturalak ere joan zen asteburuan ekin zion denboraldiari. Deustoren zelaian bana berdindu ostean, maila onean hasi du denboraldia. Tabira zelaiko debuta zapatu honetan izango du, 18:00etan, Aurrera Ondarroaren aurka.