Zubizarreta errebantxaren bila joango da Zornotzako Master Kaiolako finalean

Anboto 2015ko uzt. 17a, 13:16

Hilabete bian Euskal Herriko gazte eta kadete mailetako pilotaririk onenak batu ditu Zornotzako Master Kaiola txapelketak. Guztira, 60 pilotari lehiatu dira. Finalak, zapatuan, 18:30etik aurrera jokatuko dituzte, Zornotzako pilotalekuan.


Kadeteetan, Aitor Aranguren usurbildarra eta Iraitz Zubizarreta ataundarra lehiatuko dira. Orain hiru aste Tolosako Txapelketako finala elkarren kontra jokatu zuten, eta orduko hartan Aranguren nagusitu zen. Biharko txapela “batera zein bestera” joan daiteke Iker Hormaetxea Lagun Onak pilota taldeko kide eta txapelketaren antolatzailearen esanetan. “Biak dira boteretsuak”. Aranguren mutil garaia da, eta, atzelaria izanagatik, “airez ondo moldatzen da, eta sake ona du”. Finalerdietan Lerena Espainiako txapelduna kanporatu zuen, partidu gogor batean: 22-21.

Zubizarreta aurrelariak ere bizi erabiltzen du pilota; gainera, “oso teknikoa da, gantxo milimetrikoak egiteko kapaz da”. Aurten Euskal Herriko Binakako Pilota Txapelketa irabazi du gazte mailan, berea baino maila bat gorago. Pilotari bien aurrekariak eta dohainak ikusita, final ikusgarria izan daiteke.

Gazteetan, Petite faborito
Gazte mailako finala Iban Petite errioxarrak eta Aratz Irazustabarrena alegiarrak jokatuko dute. Biak aurrelariak dira. Petite da txapela janzteko faborito.Hasieran, eskuko minagatik, ezin izan zuen txapelketan parte hartu. Finalerdietan bigarren aukera bat izan zuen gaixorik zegoen Garciaren ordez, eta ondo baliatu zuen. Petite “dinamita hutsa da”, dio Hormaetxeak: “Hanka arinak ditu, eta fisikoki txapelketan ikusi dudan onena da”. Profesionaletako Alvaro Untoriaren lehengusua da.

Irazustabarrena “txapelketako sorpresa” izan da, eta “merezimendu osoz” sailkatu da finalera: “Engainatzen duen pilotaria da. Ez dirudi asko jokatzen duenik, baina lehen tantotik azkenera oso kontzentratuta egoten da. Oso pilotaria da”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!