Eriz Goiria: "Gernikan, bertako jokalari asko daude, eta horrek zaleekin hartu-eman berezia sortzen du"

Anboto 2015ko uzt. 13a, 09:44

Oraindik gaztea bada ere, Eriz Goiriak (Zornotza, 1987) talde asko ezagutu eta esperientzia asko pilatu ditu futbolean. Esaterako, Bigarren B Mailarako igoera bi bizi izan ditu; azkena, aurten, Gernikagaz. Zaleen eta jokalarien artean hartu-eman berezia egon dela dio, eta playoffetan, Urbieta futbol zelaian, egon den giroa azpimarratu du.

 
Igoera sopresa bat izan da?
Azken urteetan, Gernika play-offetik gertu ibili izan da, baina ez zuen sailkatzea lortzen. Aurten jokalari onak elkartu dira, eta talde ona eta batua osatu dugu. Lagun talde bat izan gara. Denboraldi hasieratik ikusi dugu playoffera sailkatzeko aukera genuela, eta, hori lortu ostean, igoera bihurtu zen helburu. Aurten izan behar zuela sentitzen genuen.

Playoffetan, taldeak egoera zailei aurre egiteko ahalmena izan du.
Bai. Lehenengo partidu biak taldearen sendotasunaren erakusgarri izan dira. Bietan lortu dugu aldapa gora zeuden kanporaketei buelta ematea. Lehenengoan, Menorcan 1-0 galdu, eta, itzulikoan, 3-1 irabazi genuen. Ondoren, Extremaduran 2-0 galdu, eta oso emaitza txarra ekarri genuen. Bigarren gola azken minutuan sartu ziguten, eta kolpe gogorra izan zen. Etxean kontrakoa gertatu zen; guk berdindu genuen azken unean kanporaketa, eta, ondoren, luzapenean hirugarrena sartu genuen.

Osasuna B-ren kontrako azken kanporaketan, ostera, kontrakoa gertatu zitzaizuen.
Bai, joanekoan 0-1 irabazi genuen. Etxean ere irabazten hasi ginen, baina, azken txanpan, berdindu egin ziguten. Kontrako gol batek kanpoan utziko gintuen, eta partiduko azken jokaldian aukera itzela izan zuten Osasunakoek.
 
Zelan bizi izan da taldearen denboraldia Gernikan?
Playoffetan, Urbietan bizi izan dugun giroak ez du zerikusirik izan denboraldian bizi izandakoagaz. Playoffetara sailkatu ginenean, herrian ilusio handia piztu zen. Ume, gazte, heldu zein adinekoak hurbildu ziren futbol zelaira, eta Urbieta beteta egon zen hiru partiduetan. Gernikak ona duena da bertako jokalari asko daudela taldean, eta hemengo taldeetan hori ikustea ez da erraza. Jokalarien %50 edo gehiago herrikoak dira. Horrek zaleen eta taldearen arteko hartu-eman berezia sortzen du.

Zelakoa izan zen ospakizuna?
Imajinatu! Zaleak zelaira jaitsi ziren, kamioi baten gainera igo, eta herritik zehar ibili ginen, eta, egun berean, udaletxera joan ginen. Alkatearen harrera jaso genuen, eta balkoira irten ginen. Oso une politak izan ziren. Azken batean, Gernika bezalako herri eta klub batentzat Bigarren B Mailan jokatzea itzela da.
Zuretzat ez da izan egoera berria, aurretik ere igoera bat lortutakoa zara eta.

Barakaldogaz ere Bigarren B Mailara igotzea lortu nuen, baina igoera hura desberdina izan zen. Barakaldogaz etxetik kanpora lortu genuen igoera. Oraingoan etxean izan da, familiakoak eta lagunak bertan zeudela. Sentsazioa desberdina da.

Eta talde bietan bizitako denboraldiak konparatuz gero, zer alde aipatuko zenituzke?
Talde batek eta besteak mugitzen duten masa soziala ezin daiteke alderatu. Barakaldo hiri bat da, taldeak bazkide asko ditu, eta Lasesarre futbol zelaian 8.000 bat zale sartzen dira. Beraz, beste eskaera maila bat dago. Barakaldon, exijentzia maila handiagoa zen, igoera bai ala bai lortu behar zen. Helburua bietan zen bera, baina exijentzia maila desberdinagaz.

Barakaldogaz Bigarren B Mailan jokatu zenuen?
Ez. Kontratuagaz arazo bat izan nuen, eta Arenasera joan nintzen. Bigarren B Mailan dudan esperientzia Athletic B-gaz bizitako denboraldi biak dira. Baina urte horiek ezin ditut datorren urtekoagaz alderatu. Orain bizi dudana beste egoera bat da. Bigarren B Mailan jokatuko dugu borroka askoren ostean igoera lortu dugulako. Athletic B, aldiz, maila horretan zegoen ni heldu nintzenean.

Igoerek eta antzeko lorpenek futbolean jarraitzeko indarra ematen dute?
Azken finean, horrelako partiduak jokatu nahi izaten ditugu denok. Igoera faseak eta finalak ez dira askotan jokatzen, eta, heltzen direnean, batetik, egoera horregaz gozatu gura duzu, baina, bestetik, dena ondo irtetea eta helburuak lortzea ere gura izaten duzu. Bigarren B Maila beste kontu bat da: zelai handiagoak, arerio indartsuagoak…

Athletic B zure talde ohia ez duzue bertan aurkituko.
Ez, baina asko pozten naiz lortu duen igoeragatik. Gauzak ondo egiten dabilela uste dut, eta merezi du.

Athletic B-ren kontra ez, baina Amorebietaren kontra jokatuko duzue. Partidu bereziak izango dira zuretzat?
Herrian eta etxean jokatzea beti da polita, nahiz eta kontrako taldean izan. Nik ez dut Amorebietan inoiz jokatu, baina bere ibilerak jarraitzen ditut.

Gaztea bazara ere, hainbat taldetan izan zara. Zure ibilbidea zelan definituko zenuke?
Talde askotan egon naiz, eta esperientzia ugari bizi izan ditut. Zortea izan dut egon naizen talde guztietan exijentzia maila handia izan delako. Beti izan dugu helburu edo igotzea, edo goian ibiltzea. Alde horretatik, denetan egon naiz gustura.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!