Gaur egun, nesketan, haur kategoriako taldea bakarrik dago klubean. Jokalari faltagatik taldea mantentzeko arazoak zituztela ikusita, gurasoek gaiari adarretatik heltzea erabaki zuten. “Gurasoak eta bazkideak gara asko. Klubari ideiak proposatu genizkion, eta aurrera geuk eramatea pentsatu genuen”, adierazi du Montse Cadarso gurasoak. Esan eta egin. Entrenamendu irekiak antolatu zituzten 10-12 urte artekoentzat, eta neska gazteak ahalik gusturen sentitu zitezen saiatu ziren. Gaur egun, hogei jokalari inguru dituzte, “pozarren etortzen dira”, eta haur kategoriako taldea finkatuta dute.
Orain, koska bat igo, eta kadete mailako taldea sortu guran dabiltza, eta sare sozialak baliatu dituzte deialdia zabaltzeko. Oporretan doazenek eurekin eramaten dute Dena ematen dugu Zornotzan emakumeen kadete talde baten alde jartzen duen kartela, eta, dauden lekuan daudela, argazkia egin, eta sare sozialetara igotzen dituzte: “Jendeak jakin dezala Zornotzan emakumezko futbolaren aldeko apustua egiten dugula”. Kanpaina aurrera eramateko gurasoen artean dagoen “giro ona” azpimarratu du Cadarsok.
Klubaren laguntza
Emakumeen futbola sustatzeko ahalegin horretan, “behar dugun guztian laguntzeko prest daudela esan digute klubetik”. Esaterako, deialdia Zornotzakoei zein herritik kanpokoei irekita dagoenez, “kluba malgutasunez jokatzeko eta erraztasunak eskaintzeko prest dago”, Cadarsoren esanetan.
Kadete mailako taldera batu gura duten interesatuek klubeko edozein telefonotara deitu dezakete izena emateko. Klubeko webgunea eta sare sozialak ere erabali ditzateke hartuemanetan jartzeko.