Julen Baz, Urtza taberna: “Tabernan elkarren artean dugun giroa da saririk onena”

Anboto 2015ko eka. 8a, 10:35

Epaimahaiaren ustez Urtza tabernaren ‘Muskuiluak latan’ pintxoa izan da aurtengo Jan Alai txapelketako onena. Julen Baz (27 urte, Zornotza) sukaldariak eta bere lan taldeak lehen saria irabazten duten bigarren aldia da.

Zer pintxo egin duzue? Zer osagai izan ditu?

Muskuiluak textura diferenteetan eskaintzea zen helburua. Jende askok uste dut pintxo bati zenbat eta osagai gehiago gehitu hobe dela, baina gure ustez produktua ona bada produktu hori da zaindu behar dena. Muskuiluak brasan egin ditugu eta horri laguntzen muskuiluekin edo bere uragaz egindako gela eta bitsa; hori dena muskuilu eta mariskoagaz egindako krema batekin eta tenpuran egindako  pistilata algagaz lagundu dugu. Pintxo osoa lata batean sartuta zerbitzatu dugu.

Espero zenuten txapelketa irabaztea?

Ez, ez genuen espero irabazterik. Bagenekien arriskuak hartzen genbintzala muskuiluak ez zaizkiolako mundu guztiari gustatzen; ez dago erdibiderik, gustatzen zaizkizu ala ez. Beraz, bagenekien herritarren saririk ez genuela irabaziko. Guretzako sorpresa izan da epaimahaiaren saria irabaztea.

Zergatik aukeratu duzu pintxo hau eta ez beste bat?

Pintxoaren errezeta aurkezteko epemugaren bezperan beste ideia bat geneukan. Horretarako beste mota bateko 300 lata geneuzkan, azkenean albo batera utzi behar izan ditugunak. Izan ere, pintxo lehiaketan kantitate handiak atera behar dira eta ez zela bideragarria ikusi genuen. Lehiaketara aurkezteko pintxo barik geunden. Zer egin? Hilabete lehenago Donostiako Maria Cristina hotelean afari bat eskaini genuen. Euskal Herriko pintxo txapelketan parte hartzen dugun 10 onenen arteko afaria izan zen. Hara aurkeztutako pintxo bat muskuiluekin egindako hauxe zen. Ez geneukan denborarik eta horregaz aurrera egitea erabaki genuen.

Zelan bermatu duzue muskuiluaren kalitatea?

Oier Landa gorozikarrak ekarri dizkigu muskuiluak. Arraindegi bat irekiko du Zornotzan. Produktu oso ona du eta bera dugu hornitzaile horrelako kasuetan. Baina arazo handi bati aurre egin behar izan diogu. Errezeta aurkeztu eta handik aste bira marea gorria sartu zen. Ondorioz, osasun sailak muskuiluak eta antzerakoak merkatutik erretiratu egin zituen. Txapelketa hasi baino hiru egun lehenagora arte muskuiluak izango genituen edo ez itxaroten egon gara. Epaimahaiarengana joan eta pintxoa aldatu beharrean geundela esatekotan egon ginen. Azkenean itsasoa baretu egin zen eta muskuiluak lortu ahal izan genituen. Egia esanda, pentsatzen genuena baino askoz kalitate hobeko muskuiluak izan ditugu.

PENTSATU, SENTITU, GOZATU.... ETA BEITTU! (URTZA TABERNA, JAN ALAI 2015) from HODEI ZAMBRANO on Vimeo.

Zenbat pintxo egin dituzue?

2.300 pintxo egin ditugu. Iaz antzera ibili ginen eta orain urte bi 3.000 inguru egin genituen. Guztira, taberna denen artean, 58.000 pintxo inguru zerbitzatu dira.

Bezeroak tabernako barra eta pintxoa ikusten ditu. Zelakoa da sukalde barruko lana pintxo lehiaketako egunetan?

Kriston zoramena da, ez dago beste modu batera definitzerik: kriston zoramena. Dena ondo irten dadin behar-beharrezkoa da familiaren eta adiskideen laguntza. Irabazlea ez da izan Julen, ez naiz ni izan, irabazlea Urtza izan da. Ahal dudan denetan hori argi uzten saiatzen naiz. Lana denona da. Lagunek eta senitartekoek, denok familia handi bat osatzen dugu. 18 lagun egunero geratu barik lanean aritu gara. Tabernan elkarren artean dugun giroa da saririk onena.

Zelan mantentzen da giro ona presio handiko uneetan?

Batzutan gogorra da. Familia familia da eta lagunak lagunak dira, baina ni oso zorrotza naiz nire lanean eta gauzak ondo egin behar dira. Esaterako amari errieta egin beharra gogorra da. Herenegun negarrez joan zen etxera. Askotan kostatzen zait ulertzea ez direla arlo honetako profesionalak eta laguntzera datozela; eta egia esanda, ahalik ondoen egiten dute. Oso-oso ondo aritu dira.

Pintxo lehiaketa ekonomikoki errentagarria da ala gehiago da eskaini dezakeen prestigioa?

Galdera gatxa da, oso gatxa. Ekonomikoki ez da bat ere errentagarria. Pintxoekin ia-ia dirua galtzen da. Osagaiak, pertsonala… ez da errentagarria. Baina, gu hemengoak gara eta herriari gure lanak eskaintzeko modua dela uste dugu.

Imanol Baz anaiak zerbitzaririk onenaren saria irabazi izan du, baina aurten Mikel Arraibirentzako (Propi) izan da.

Mikelengatik asko pozten naiz. Oso jende jatorra da. Merezitako garaipena da. Zorionak berari.

Ez zarete geldi egotekoak. Zer asmo dituzue epe laburrera begira?

Bizkaiko txapelketan ere bagabiltza. Igande honetan amaituko dugu. Pintxo bi aurkeztu ditugu, horietako bat Zornotzan aurkeztu dugun berdina. Azken aldiko txapeldunak gu gara. Ea aurten zer gertatzen den.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!