Jon Bragado: "Aktore batek existitzen ez den zerbait ukitu nahi badu, hor sartzen naiz ni"

Anboto 2015ko eka. 7a, 10:00

Sarritan, filmetan gauza bitxiak eta existitzen ez diren hainbat efektu ikusten ditugu, eta askotan galdetzen diogu gure buruari efektu horiek zelan egingo ote dituzten. Jon Bragado zornotzar gaztea efektu horiek lantzen dabil. 28 urte ditu, eta Vancouverren (Kanada) bizi da, George Lucas zinema zuzendariaren enpresa batean lanean. Txikitatik eduki du argi mundu horretan lan egin gura zuela.


Efektu bereziak eta bisualak egitea da zure lana. Zer da zehatz-mehatz egiten duzuna?
Kamera birtual eta integrazio teknikaria naiz. Pertsonaia digitalak eta mundu fantastikoak aktoreek grabaketak egin dituzten momentu, egun eta leku berean kokatzea da nire lana; azken finean, ilusioa fabrikatzea. Aktore batek existitzen ez den zerbait ukitu nahi badu, hor sartzen naiz ni.

Zelan hasi zinen mundu honetan?
7 urtegaz Jurasic Park filma ikusi nuen. Amaitzean, aitari galdetu nion zuzendariak zer egiten zuen dinosauroak aktorea jan dezan. Aitak esan zidan guztia truko huts bat dela, dinosauroak ez daudela aktoreen aurrean, grabatu eta gero filmari gehitzen zaizkiola benetakoak direla sinistu dezagun.

Londresen hasi zinen, eta orain Vancouverren zaude. Euskal Herrian horri lotutako lanik ba al dago?
Ez dago ezer ez Euskal Herrian, ez estatu mailan. Pena bat da gobernuek zinemaren egoera Estatu arazotzat ez jotzea, beste lurralde batzuetan gertatzen den legez.

Inplikazio handia eskatzen duen lana da? Ordu asko sartu beharreko lana dela dirudi...
Bai, baina beste edozein lanetan gertatzen den antzera. Esaldiak dioen moduan, gustatzen zaizun lanen bat aurkituz gero, irudituko zaizu ez zoazela lanera. Nire ustez, egia da hori. Egunean zortzi ordu baino gehiago sufritzea axola ez zaizun zer lan aukeratuko zenuke? Horixe da galdera.

Bokazioz zabiltza behar honetan?
Pasioa da erregaia. Ingeniari izateko informatika ikasten hasi nintzen unibertsitatean. Hala ere, urtea amaitu eta gero utzi egin nuen, betidanik nahi izan nuena ikasteko.

Zein da sentsazio onenekin utzi zaituen filma edo lana?
Wrath of the Titans (Ira de Titanes) filma asko estimatzen dut, nire lehenengo filma izan zelako. Urte eta erdiz publizitatean ibili eta gero, zinemara salto egin nuen film honetako  efektu berezietan lan egiteko. Nahiz eta salmentak ez ziren oso onak izan, proiektu berezia izan da niretzat.

Eta sentsazio txarrenekin?
Sentsazio txarrik ez dago, beti ere zure lanean pasioz behar egiten baduzu.

Zinema zuzendari ospetsuekin egiten al duzu lan? Edo inoiz egin izan duzu?
Zuzendari ospetsu batzuekin lan egin izan dut: besteak beste, Jonathan Liebesman, Len Wiseman, Mathew Vaughn, Duncan Jones, Guy Ritchie eta Alfonso Cuaron zuzendariekin. Orain, ostera, George Lucasen Industrial Light & Magic enpresan nabil lanean.

Zure lanbideagaz loturiko anekdotaren bat bai?
Londresen lan egiten nuenean, Glassworks izeneko enpresan, Heartworks proiektua nire eskuetara heldu zen. Benetako bihotz baten taupadak simulatzea zen gure lana. Horretarako London Heart ospitaleko kardiologoekin elkartu ginen, bihotza kanpotik eta barrutik zelan ikusten den eta zelan funtzionatzen duen jakiteko. Euren eskaera izan zen ni operazio gela batera joatea, benetako bihotz operazio bat ikusi nezan. Horrek erreferentzia modura datuak hartzeko eta bideoz ebakuntza dokumentatzeko balio izan zidan. Goitik behera arropa bereziak jantzi nituen, eta kirurgialariek gorputz atalak baztertzen zituzten bitartean, oso argazki onak hartu nituen. Oso interesgarria izan zen prozesu guztia.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!