David Latxaga alkateak gaur goizean sinatu du baldintza-orria onartzen duen dekretua eta bihartik aurrera publikoa izango da. Halaxe jakinarazi die hedabideei goizeko udalbatzarraren ostean. Hautagaiek sei asteko epea izango dute proposamenak helarazteko. Ondoren epaimahai batek baloratuko ditu heldutako ideia guztiak. Epaimahai hori udalbatzarreko alderdi politikoetako ordezkariek eta hiru arkitektok (udaleko arkitektoa, Zelaita Zentroa diseinatu zuen Jorge Mallagarai eta Luis Maria Uriarte arkitektoa) osatuko dute. Musika eskolako zuzendaria ere gonbidatu dute, bere esperientzia baliagarria izan daitekeelako irabazlea erabakitzeko hausnarketan. Atzerapenik ezean eta dena aurreikusitako epeetan garatzen bada, irabazlea apirilean zehar aukeratzea da asmoa.
Hiru sari banatuko dituzte; 12.000, 6.000 eta 3.000 euroko bana. Irabazleak, 12.000 euroez gainera, askoz sari garrantzitsuagoa eskuratuko du: proiektua idazteko eta zuzentzeko ardura izango du.
Gaur egun, eliza ondoko lokal batzuetan dago musika eskola. Lokalak ez dira udalarenak, alokairuan hartuta ditu. Udalaren jabetzakoa den eraikinean musika eskola berria egiteko asmoa aspaldiko da, baina ezertan hasi aurretik, beharrezkoa zuten gaur egungo osasun zentroa tokiz aldatzea.
Hutsik geratuko den eraikina Txiki Otaegi kalearen sarreran dago eta Zelaieta Zentroari zein pilotalekuri lotuta. Eraikin berriak zer ezaugarri bete beharko lituzkeen azaldu du Amagoia Madariaga zinegotziak. Batetik, Zelaieta Zentroagaz armonian joango litzakeen zerbait izan behar luke; izan ere, gaur egun dagoena “ez dator bat bere inguruagaz”. Bestetik, Txiki Otaegi kaleari balio erantsia eman beharko lioke: “Gaur egungo eraikina hesi arkitektoniko bat da kalearentzat". Eraikin berriak "argitasun eta protagonismo gehiago eman beharko lizkioke Txiki Otaegi kaleari”.