Zornotzak burua goian duela esan dio agur igoera faseari

Anboto 2015ko mai. 18a, 10:36

Argazkia: Zornotza S.T.

Barikuan galdu egin zuen hirugarren partidua (75-80) eta Guadalajara sailkatu da igoera faseko finalerako, baina Mikel Garitaonandiaren gizonek partidu ona jokatu zuten.

Zornotza Saskibaloi Taldearentzat amaitu da aurtengo denboraldia. Guadalajara koska handiegia izan da Zilarrezko Adecco ligako igoera faseko finalerdian (3-0). Barikuan Larrea lepo bete zuten zaleek mirariarekin amesten zuten, baina ez zen gauzatu. Hala ere, beste behin azken unera arte irabazteko aukerak izan zituen Zornotzak. Tre Bowman, Aleksandr Kalanj eta Arturo Cruz lako jokalari garrantzitsuen bajei aurre egin eta jokatzeko moduan zeudenek aurpegia eman zuten.

Atsedenaldian dena airean zegoen: 28-30. Hirugarren laurdenean Zornotzak kanporaketako minuturik onenak jokatu eta markagailuan aurrea hartu zuen. Minutu horietan bikain aritu zen Sasa Borovnjak. Ondorioz, azken laurdenera puntu biko aldearekin heldu ziren: 51-49. Azken laurdeneko lehen minutuetan heldu zen gainbehera; 0-13ko partzialak oso aldapa gora jarri zuen partidua. Ibon Carretoren hiruko batek emozioa eman zion azken txanpari (70-73), baina Guadalajarak ez zuen hutsik egin jaurtiketa libreen marratik eta aldeari eutsi zion. Borovnjak (24 puntu eta 22ko balorazioa) eta Carreto (18 puntu eta 21eko balorazioa) izan ziren gehien nabarmendu ziren jokalariak.

Zornotza-Alba Berlin, beteranoen partidua

Lagunarteko partidua da, baina seguru ikusmin handia eragingo duena. Zapatu honetan, 18:00etan, Alemaniako Alba Berlineko beteranoen taldeak Larrea bisitatuko du Zornotzako beteranoen aurka jokatzeko. Zornotzarren partetik Fernández anaiak, Josean Olabarri, Vicente Méndez, Endika Garitagoitia, Unai Larrea… lako jokalariak berriro berdez jantzita ikusteko aukera egongo da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!