Gaur, 19:45etik aurrera, irabazteak bakarrik balio du. Garaipena lortzen badu, domekan, kanporaketa berdintzeko aukera izango du Larrean bertan. Bosgarren partidu baten beharrik balego, Guadalajaran jokatuko litzateke.
Klubak badaki zaleek garrantzi handia izango dutela kanporaketaren nondik norakoan, eta berdez jantzita joateko eskatu diete. Playoffetako aurreko neurketetako prezioekin jarraituta, bazkideentzat 3 euro izango da sarrera, eta bazkide ez direnentzat 8 euro.
Guadalajara talde indartsua
Guadalajara talde indartsua da; beharbada, mailako talderik sendoena gaur egun. Kanporaketa hasi aurretik, zornotzarrek bazekiten hori, eta jokatutako partidu biek ustea berretsi dute.
Gudalajarako porrot biek ez dute batak besteagaz zerikusirik. Lehen partiduan, Guadalajararen erritmoak ustekabean hartu zuen Zornotza. Konturatu orduko 12-0 galtzen zebilen, eta hasierako desabantaila hori astunegia izan zen Mikel Garitaonandiaren mutilentzat. Markagailuan hurreratzen zirenean, Guadalajarak berriro ihes egiten zuen. Azkenean, 67-57 galdu zuten. Kalanj (13), Carreto (11) eta Schreiber (10) izan ziren Zornotzako saskiratzaile nagusiak.
Bigarren partiduan, Zornotzak hortzak erakutsi zizkion Guadalajarari. Markagailuak (82-67) ez du islatzen kantxan izan zen parekotasuna. Atsedenaldira aurretik heldu zen Zornotza (38-41), eta hirugarren laurden eskas baten erruz galdu zuen partidua. Epailearen lanak ere ez zuen askorik lagundu. Hiru minutuan sartu ziren bonusean, eta horrek asko baldintzatu zuen zornotzarren lana. Borovnjak (15), Salazar (11) eta Schreiber (10) izan ziren Zornotzako saskiratzaile nagusiak.
Porrotaz gainera, bigarren partidu horretan, Cruz eta Kalanj jokalariak lesionatu egin ziren.
Erritmo bizia da gakoa
Zornotzak badaki non egin diezaiokeen min Guadalajarari. Erritmo bizian jokatu, eta trantsizio arinak egiten ahalegindu behar du. Zornotzarentzat aproposa izango litzateke joan-etorri askoko partidu bat.
Zornotzak talde gisa funtzionatu behar du, eta Carreto, Schreiber eta Garcia lako jokalariek euren mailarik onena eskaini beharko dute.