Zornotzak partidu biak galdu ditu Guadalajaran

Anboto 2015ko mai. 11a, 10:07

Urrezko Adecco Ligarako igoera fasea aldapa gora jarri zaio. Aurrera egiteko geratzen diren hiru partiduak irabazi behar ditu. Hurrengo partidua Larrean jokatuko dute barikuan, 19:45ean.

Zornotza Saskibaloi Taldeak asteburu grisa izan du Guadalajaran. Barikuan eta domekan jokatutako partidu biak galdu ditu. Barikuko partidua Guadalajararen hasiera indartsu batek erabaki zuen. Hirugarren minuturako Zornotza 12-0 galtzen zihoan. Handik aurrera Zornotza aldea jan ezinik ibili zen partidu osoan zehar. Apur bat hurreratzen zenean, Guadalajarak berriro ihes egiten zuen. Azkenean hamar puntuko aldea egon zen talde bien artean: 67-57. Kalanj (13), Carreto (11) eta Schreiber (10) izan ziren Zornotzako saskiratzaile nagusiak.

Domekan Zornotzak hortzak erakutsi zizkion etxeko taldeari. Atsedenaldira hiru puntuko abantailagaz heldu ziren: 38-41. Hirugarren laurdena, ordea, negargarria izan zen Zornotzarentzat eta Guadalajarak partidua berdindu ez ezik alde polita lortu zuen: 65-57. Zornotzarrak kritiko daude epailearen lanagaz; hiru minututan falten bonusagaz jarri ziren eta horrek asko baldintzatu zuen taldearen jokoa. Azken laurdena nahi eta ezinaren erakusgarri izan zen: 82-67. Markagailuak ez du islatzen kantxan gertatu zena. Zornotzak une askotan estu hartu zuen Guadalajara. Borovnjak (15), Salazar (11) eta Schreiber (10) izan ziren Zornotzako saskiratzaile nagusiak.

Cruz eta Kalanj jokalariak lesionatu egin ziren eta ezin izan zuten partidua amaitu.

Matematikak errazak dira Zornotzarentzat: igoera faseko finalera heldu gura badu geratzen diren hiru partiduak irabazi behar ditu. Hurrengo partidu biak etxean jokatuko dituzte barikuan eta domekan. Barikuan galtzen badu Guadalajara sailkatuko da. Zornotzak irabazten badu domekan kanporaketa berdintzeko aukera izango du. Bosgarren partiduaren beharrik balego Guadalajaran jokatuko litzateke.

 

Guadalajara 82-67 Zornotza. Partidu osoa. (Iturria: FEB)

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!