Nagore Palacios: "Trikitiak bete egiten nau; edonork jota ere, irribarrea ateratzen dit"

Anboto 2015ko mai. 10a, 10:00

Soinu txikia jotzen 10-11 urtegaz hasi zen Nagore Palacios. Orain ogibide bihurtu, eta Soinutxikie eskola sortu du. Musika Hezkuntza eta Psikopedagogia egin dituen 26 urteko zornotzarrak dioenez, ez dago adinik 'infernuko hauspoa' jotzeko. Trikitia eta panderoa jotzen irakasten du; ekainean eta uztailean, musika tailerrak ere eskainiko ditu umeentzat.


Urte asko behar da soinu txikia dominatzeko?
Etxean eskainitako orduen araberakoa ere bada. Gidatzen ibiliaz ikasten den bezala, soinu txiki jotzen ere horrela ikasten da. Oinarrizkoa ikasita, kalera irten, eta jotzen hartzen da erraztasuna.

Euskal Herrian XIX. mendearen amaieran hasi zen hedatzen soinu txikia. Urkiolako erromeria batekoa da lehen aipamen idatzia, 1889koa.
Teoria bi daude. Baten arabera, Gipuzkoako trenbidean lanera Italiatik etorritako langileek ekarri zuten, eta bertakoek ikasi ondoren zabaldu zen. Bestearen arabera, Bilboko portutik sartu zen; hantxe egon zen aurreneko trikiti denda.

Jatorri italiarra du, beraz.
Hori dio teoria batek. Baina gure egin dugu, euskal kulturan oso uztartuta dugu. Zabalkuntza handia eduki du, lehenengo Gipuzkoan, eta gero Bizkaian.

Erromeriekin oso lotuta dago.
Bai, erromeria talde gehienek trikitia dute; alaia delako-edo!

Beste musika mota batzuekin ere uztartu dute azkenaldian.
Zentzu horretan asko aldatu da. Gose taldeak musika elektronikoagaz uztartu du, eta Kepa Junkerak mila gauza egin ditu: betiko piezekin hasi zen, baina, adibidez, jazz eta blues estiloekin ere egin ditu diskoak. Asko berritu du trikitia. Junkerak eman dio, duda barik, bueltarik handiena; gura duena egiten du trikitiagaz. Trikitiak edozein musika motatan eduki dezake lekua.

Adinik badago trikitia jotzen hasteko?
Eskolaz kanpoko jarduera orduetan ematen ditut eskolak,   Lehen Hezkuntzan zein batxilergoan. Hala ere, Soinutxikie eskolan denak dira helduak: seme-alabekin, lanagaz… Ikasteko gogoa erakusten du horrek Motibazio handia ikusten zaie, eta, alde horretatik, pozik nago.

Soinutxikie proiektua abiatu berri duzu.
Lokala intsonorizatzeak eta enpresa bat sortzeak dituen gastuekin, inbertsio handia eskatu dit proiektuak, baina nire txokoa dut, eta gustukoen dudana egiten dut. Etxekoen laguntza asko eskertzen dut.

Pozik?
Bai. Gainera giro oso ona dugu. Adibidez, triki-poteoak egiten ditugu, eta kontzertu bat ere eskainiko dugu, ekainaren 18an, Zelaietan.

'Infernuko hauspoa' jotzeko abilezia berezirik behar da?
Izan daiteke batzuek berezko erraztasuna izatea atzamarren mugimenduari, erritmoari edo belarriari dagokionez, baina edonork ikasi dezake. Gainera, aukera ematen dut bai solfeo bidez, bai zenbaki bidez ikasteko. 28 ikasle ditut Soinutxikien, baina, guztira, 103 ditut. Ikastolan, eskola publikoan, institutuan eta El Karmelo ikastetxean ematen ditut eskolak.

Trikitiarekiko zaletasun berezia dago Zornotzan?
Bai. Nik 103 ikasle ditut, baina musika eskolan ere eskaintzen dute aukera. Neure irakasle izan zen Sorayak zaletasuna sortu zuen, eta zabaltzen joan da.

Zer da zuretzat trikitia?
Bete egiten nau. Berdin dit nork jotzen duen; jo dezake Junkerak Alondegian edo beste edonork herriren batean, baina irribarrea ateratzen dit.

Trikitia eta panderoa banatu ezinezko bikotea da?
Ez, oso lotuta dauden arren. Trikitiagaz hainbeste gauza egiten diren honetan, askotan panderoa ez da ageri, baina bere garrantzia du. Asko janzten du, askotan bigarren planoan geratu arren.

Euskal kantak ere irakasten dituzu.
Ez dugu ahots teknikarik lantzen, baina trikitiagaz gauzak egiten ditugu bi ahotsetara. Hamar laguneko taldetxoa dugu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!