Zapatu honetan hasiko da Eleizetan musika zikloa

Anboto 2015ko mai. 5a, 13:00

Maiatzaren 23an Musikene goi-mailako musika ikastegiko ikasleen kantu eta piano emanaldia hartuko duen San Antonio Elgezabal ermitan aurkeztu dute gaur, Eleizetan musika programaren XVI. edizioa. Zornotzako bost ermitatara, bost musika emanaldi dakartza musika ziklo horrek.

David Latxaga alkateak, Andoni Agirrebeitia kultura zinegotziak, Luisja Ugarte kultura programatzaileak, Maria José Cano Musikene eskolaren ordezkariak eta Armelle Morvan sopranoak aurkeztu dute, gaur, Eleizetan zikloaren aurtengo eskaintza.

Armelle Morvan Musikeneko ikasleak eman ditu maiatzaren 23ko Elgezabalgo San Antonio ermitako emanaldiaren inguruko azalpenak. Judit Martinez ikaskidearekin, eta Javier Gonzalez Sarmiento irakasleak lagunduta, besteak beste, XIX. mendeko doinuak kantatuko ditu Morvanek; Alemanian zein Frantzian sorturiko obrak.

Maria José Cano Musikeneko ordezkariak azpimarratu du, Eleizetan bezalako zikloek musika ikasleei eskaintzen dien aukera paregabea dela: "Guretzat oso inportantea da gelan lantzen dugun hori erakusteko aukera edukitzea, eta kasu honetan, ezin leku bereziagoan egin ahalko dugu hori, musikarientzat inspiragarria den leku batean".

Bost kontzertuko programaren aurkezpen ekitaldia San Antonio ermitan egin dute, eta Luisja Ugarte programatzaileak azpimarratu du, azken hamarkadan bertan emanaldirik programatu barik egon ostean, espazio hori Eleizetan programaren barruan sartu dutela berriro. Gainontzeko emanaldiak Boroako San Pedro ermitan, Dudeako San Migelen, Etxanoko Andra Marian, eta Bernagoitiko San Migelen izango dira.

Zapatu honetan, maiatzaren 9an, Miquel Bofill Sax Quartet taldearen kontzertuagaz hasiko da aurtengo zikloa. Boroako San Pedro ermitan ariko dira, 20:00etatik aurrera. Bofill saxofonista ospetsuak 80ko hamarkadan abiaturiko proiektua da laukote hori, 2010. urtean berrartu zutena.

Amuriza, Torreburutik mundura

Zornotzako musika ziklo honetarako prestaturiko emanaldia eskainiko dute bestalde, Joe Gonzalez saxofonistak, eta José Luis Canal pianistak eta Fran Lasuen biolinistak, maiatzaren 15ean. Xabier Amurizak sortutako olerkiak oinarri hartuta sortu dute ikuskizuna, eta Duedeako San Migel ermitan eskainiko dute. Musika eta poesia uztartuko dituzte, 20:00etan hasiko den emanaldi horretan.

Nazioarteko proposamen bik borobiltzen dute aurtengo Eleizetan. Batetik, maiatzaren 17rako, Leos Janaçek ganbera-orkestraren emanaldia antolatu dute. Etxanoko Andra Mari ermitan, 12:15ean, izango da emanaldi hori. Bestetik, Driss El Maloumi hirukotearen eskutik, musika arabiarra entzuteko aukera izango da, maiatzaren 31n, Bernagoitiko ermitan.

Emanaldietara, autobusez

Azken hamabost urteetan bezala, kontzertuetarako doako autobus zerbitzua antolatu dute. Kontzertua baino ordu erdi lehenago aterako da autobusa Gudari kaleko autobus geltokitik. Bernagoitiko emanaldiaren kasuan, 45 minutu lehenago aterako da autobusa.

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!