Zornotzako Lagun Onak Pilota Elkarteak 4 1/2ko pilota txapelketa antolatu du

Anboto 2015ko api. 29a, 17:06

Euskal Herriko 4 1/2ko txapelketaren egutegiaren barruan kokatuko da, eta kadete eta gazte mailan jokatuko da. Momentuko pilotari onenek hartuko dute parte txapelketa honetan.

Aspalditik euskal pilotarekin eta bere sustapenarekin hartuta daukan konpromisoarekin jarraituz, Amorebieta-Etxanoko udalak 4 1/2ko txapelketa antolatu du, eta bere baitan dituen Amorebieta IV eta Eubako frontoietan hartuko ditu partiduak.

Pribatua den txapelketa izango da, baina Euskal Herri zein inguruko herrietakoentzat zabalik egongo da. Bestalde, esan behar da kanporaketa zuzeneko txapelketa izango dela, irabazleak aurrera jarraituko du, galtzailea txapelketatik kanpo geratuz. Guztira 60 pilotarik hartuko dute parte maila bakoitzean.

Kadeteetan, azken fasean irabazle denarentzat 400 euroko saria izango du, txapela eta garaikurrarekin batera; bigarrenak 250 euro eta garaikurra; hirugarrenak 150 euro eta laugarrenak 75 euro.

Gazte mailan, berriz, azken faseko irabazlearentzat 600 euroko saria, txapela eta garaikurra; bigarrenak 450 euro eta garaikurra; hirugarrenak 300 euro eta laugarrenak 100 euro.

Apirilaren 17an hasiko da txapelketa eta uztailaren 18an izango da finala, Amorebieta IV pilotalekuan.

Herriarteko txapelketa

Bestalde, Bizkaiko Herriarteko Pilota Txapelketa aurrera do. Abadiñok, Bilbao kanporatu ostean (3-0 gailendu zitzaion, hiru partiduak irabazita: kadetetan, gazte mailan eta seniorretan), Iurretaren aurka jokatuko du final hamaseirenetan, bi partidutara. Lehena maiatzaren 3an izango da eta bigarrena maiatzaren 10ean. Zornotza, bere aldetik, hurrengo fasean sartuko da jokoan, final zortzirenetan hain zuzen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!