Zornotza saskibaloi taldeak play offetako lehen partidua irabazi du

Anboto 2015ko api. 29a, 11:39

Zornotzako jokalariak partiduaren amaieran garaipena ospatzen

Atzo 91-70 nagusitu zitzaion Xuven Cambiados talde galiziarrari Larrean. Bigarren partidua zapatuan jokatuko dute.

Erritmo bizian hasi ziren talde biak. Beharbada horregatik —eta urduritasunagatik— baloi asko galdu zituzten lehen laurdenean. Hala ere, Zornotza aurretik heldu zen lehen laurdenaren amaierara: 20-18. Bigarren laurdenean ere hutsak izan ziren nagusi eta defentsak erasoari nagusitu zitzaizkion. Hala ere, Ander Garciaren eta Ibon Carretoren saskiratzeek atsedenaldira bost puntuko aldeagaz heltzea ahalbidetu zuten: 37-32.

Bigarren zatian Zornotza jaun eta jabe izan zen Garcia, Borovnjak eta Cruzen saskiratzeei eta Schreiberren lanari esker. Querok ere sei puntu sartu zituen segidan hirugarren laurdenaren azken txanpan. Horrela, 12 puntuko abantailagaz ekin zioten azken laurdenari: 57-45. Azken hamar minutuetan Zornotzak abantaila areagotu zuen eta zaleek saskiratze dotoreekin gozatu ahal izan zuten. Azkenean 21 puntuko aldeagaz irabazi zuen: 91-70.

Sasa Borovnjak izan zen partiduko jokalaririk baloratuena (21): 14 puntu eta 12 errebote. Ander Garciak 19 puntu sartu zituen eta Cruzek 17. Oro har, talde osoa goi mailan aritu zen.

Play offetako lehen kanporaketako bigarren partidua larunbatean jokatuko dute Galizian. Zornotzak irabaziz gero finalerdietarako sailkatuko da. Galtzen badu aurrera egiteko partidu erabakigarria Larrean jokatuko du.

Jokalariak zaleen laguntza eskertzen partiduaren amaieran:

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!