Euskadiko xakelari onenak Zornotzan izango dira domekara bitartean. Guztira 24 xakelari lehiatuko dira, tartean bost Nazioarteko Maisu. Txapelketa irabazteko hautagai nagusia Gros Xake Taldeko Santiago González da; bera da gaur egungo txapelduna, eta, 2013an eta 2011n ere nagusitu zen. Alejandro Franco (2008 eta 2010) eta Mikel Huerga (2012) izango ditu arerio nagusiak; baita Elgoibarko Nazioarteko Txapelketa irabazi duen Patrice Etchegaray ere.
Baina izenagaz bakarrik ez da titulurik irabazten, eta hori argi geratu zen atzoko lehenengo jardunaldian. Mikel Huergak —rankingeko bigarren postua— ezin izan zuen berdinketatik igaro Luis Arias zornotzarraren aurka. Emaitza bikaina lortu zuen etxeko xakelariak. Etchegarayk —rankingeko seigarrena— ere berdindu egin zuen Héctor Sánchez azkoitiarraren kontra.
Euskadiko txapelketa Zornotzan jokatzea ohikoa bihurtu da; aurten hamargarren bider segidan antolatu du txapelketa Zornotza Xake Elkarteak.