Zigor Iturrieta: "Etxean jatekoa prestatzen, ardo kopa bategaz: hor nago inon baino hobeto"

Anboto 2015ko mar. 22a, 10:00

Zigor Iturrieta Eubakoa da (Zornotza), eta EITB-ko ‘Txoriene’ programako sukaldaria da: sukaldaritza txikitatik du gustuko. Gainera, ‘trail running’ modalitateko korrikalaria ere bada.


Leioan egin zenituen sukaldaritza ikasketak. Betidanik gustatu izan zaizu sukaldaritza?
Bai, Leioan egin nituen sukaldaritza ikasketak. Kurutziaga ikastolan ikasten nuenean, eguerdietan sukaldera joaten nintzen, sukaldekoei laguntzera. Ez dakit gustatzen zitzaidalako joaten nintzen ala, sukaldean lagunduz gero, gustuko nuen janari gehiago ematen zidatelako. Etxean ere ibiltzen nintzen, txikia nintzenean, sukaldean aitagaz. Betidanik jakin izan dut sukaldaria izango nintzela.

Axpeko Etxebarri jatetxean eta Bilboko López de Haro jatetxean ere lan egindakoa zara, besteak beste.
Bai, beste hainbat jatetxeren artean horietan ere lan egin dut. Urte gehien Axpen egin ditut sukaldari. Baina, esaterako, Martin Berasategiren jatetxean bi uda igaro nituen, Zuberoa jatetxean urtebete egindakoa naiz, eta Frantziara ere joan nintzen, orduko munduko bigarren jatetxerik onenean Michel Gerard-ekin lan egitera. Baina beste hainbat eta hainbat jatetxetan ere egon naiz. Egia esanda, oso polita da horrelako jatetxeetan lan egitea, baina oso gogorra, aldi berean. Juantxu jatetxean 16-17 urtegaz hasi nintzen uda sasoian joaten, lagunak parrandan zebiltzan bitartean, eta astebururo lan egitea tokatu izan zait; nahiko gogorra izaten da hori. 2000. urtean nekatu egin nintzen hainbeste lan egiteaz, balantza batean jarri nituen nire bizitza soziala eta sukaldaritza. Hor erabaki nuen catering enpresetara pasatzea.

Azkeneko urteotan Arrasateko Auzo Lagun catering enpresan ibili zara lanean. Janari asko mugitzen da bertan?
Horrelako catering enpresak janaria egiteko fabrikak dira. Auzo Lagunek, esaterako, egunean 17.000 bazkari inguru ematen ditu. Sukaldariak ginenok egunero zerbait desberdina egiten genuen, baina laguntzaileak zortzi ordu egoten ziren solomoa ogi arrailetan pasatzen. Cateringetan ere lan egin behar da, baina egunean zortzi ordu egin, eta asteburuak libratzen nituen; desberdina zen, jatetxe batean lan egiteagaz alderatuz gero.

Badaramazu denbora bat Euskadi Irratiko ‘Hiri gorrian’ saioan parte hartzen. Orain, gainera, ‘Txoriene’ sukaldaritza saioan ikusiko zaitugu.
Hiri gorrian irrati saiora joaten jarraitzen dut, baina Txoriene telebista saioan ere hasi naiz, bai. Irratian bi urte inguru daramatzat hizketan, eta, astean behin izaten denez, ez zait ezer kostatzen joatea. Gainera, oso gustura parte hartzen dut bertan. Telebistako Txoriene saioan hasteko aukera bat-batean agertu zitzaidan. Hautaproba zabaldu zutela esan zidaten, eta hara joan nintzen. Hautaproba horretan patata tortila bat egin behar genuen, eta, gainera, baita ordu erdiz hitz egin ere. Joan beharra nuela pentsatu nuen, hitz egitea gustatzen zaidalako.

Kozinatu ala korrika egin, zer nahiago duzu?
Zaila da esatea. Etxean, jatekoa prestatzen, nire irratiagaz eta ardo kopa bategaz: hor nago inon baino hobeto. Korrika egitea nire pasioa da, astean bost-sei egunetan entrenatzen naiz, baina kozinatu egunero egiten dut. Atzo, adibidez, hamar orduz grabatzen egon eta gero, etxera heldu, eta korrika egitera joan nintzen: durango inguruan buelta bat eman, dutxatu, eta lasai asko geratu nintzen etxean.

Duela gutxi arropa marka batek fitxatu zaitu, eta sareko blog batean “beterano handitzat” jarri zaituzte.
Badakizu zer den txarrena? Kronika hori ni neuk idatzi nuela, blogaren jabeak horrela eskatu zidalako, eta kopiatu egin zutela. Fitxaketa berriaren inguruan kronika txiki bat egiteko eskatu zidaten. Hasi nintzenean, 2008. urtean, hainbat proba irabazi nituen, baina 2011. urtetik aurrera hiru urte eman nituen ezer irabazi barik, eta orain berriro hasi naiz postu onak egiten.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!