Duela urtebete sortu zuten Uztargi.Klik elkartea, herriko gazte zein helduen artean argazkilaritzaren mundua ezagutarazteko eta bultzatzeko asmoz. Elkartea sortu zutenetik taldekideek egindako lanaren lagin bat da Zelaieta zentroko erakusketa aretoan bildu dutena. Gainera, argazki kamerak eta argazkigintzako bestelako tresna ikusgarri eta bitxiak ere ipini dituzte erakusketan. Pedro Bilbao zornotzarrak utzitako 20 argazki kamera daude, esaterako, Zelaieta zentroan ikusgai —ehun urte baino gehiago dauzkatenak batzuk.
Hogei bazkide inguruk osatzen dute gaur egun Uztargi.Klik elkartea. Elkarteko kide bakoitzak egindako argazkiak elkarri erakutsi, eta bakoitzaren sorkuntza aztertzeko batzen dira astero elkarteko argazkizaleak: norbere argazkiaren gaineko azalpenak ematen ditu egile bakoitzak, eta taldekideen ekarpenak jasotzen ditu. Zaletasuna partekatzea oso aberasgarria dela argi dute argazkilariek.
Elkarteagaz harremanetan jarri gura dutenek honako helbide elektroniko hau dute eskura: fotograficauztargi@gmail.com.