Zornotzako Urgozo Errugbi Taldeak arrakastagaz hasi du bidea

Anboto 2015ko mar. 11a, 12:49

Lau errugbizalek Zornotzako Urgozo Errugbi Taldea sortu dute. Apurka herrian errugbiari atea irekitzeko helburuagaz hasi dira, baina denbora gutxian espero ez zuten arrakasta lortu dute; dagoeneko 25 jokalari batu dituzte, ia guztiak Zornotzakoak.

“Herri osoan hiru katu ginela uste nuen, eta ezusteko handia hartu dugu. Nik uste nuena baino zaletasun handiagoa dago. Sinetsi ezinik gabiltza”, dio Aitor Bilbao taldeko presidenteordeak. Bilbaogaz batera Ander Hernández presidenteak, Christian del Castillo idazkariak eta Unai Zugazaga zuzendaritzako kideak osatzen dute taldearen egitura; laurak zornotzarrak dira.

Igorreko errugbi taldean jokatzeari utzi ziotenean erabaki zuten Zornotzan talde bat sortzea. Pausoz pauso taldea sortzea, 2015a entrenamenduetara bideratzea eta taldearen ibilbide ofizilialari 2016an ekitea zen asmoa. Baina epe horiek hankaz gora jarri ditu denbora gutxian izan duten arrakastak. Herrian bazegoen zaletasuna, baina horiei aukera bat eskainiko zien taldea falta zen. Orain, urrian hasi gura dute lehenengo liga.

Urgozo errugbi taldekoak entrenatzen.Zeanuriko eta Abadiñoko jokalari bana kenduta, gainerako guztiak  zornotzarrak dira. Gainera, sei-zazpi ez beste guztiak aurretik errugbian ibili gabeak dira. Beraz, Gorka Garate entrenatzaile zornotzarrak lan handia du aurretik. Oraingoz, “oso giro ona” daukagu entrenamenduetan, Bilbaoren esanetan. “Gorkak badaki taldea eramaten, eta denok gogoz gabiltza”.

Jauregibarriako landak
Oraindik ez dute entrenamenduetarako tokirik. Euren erabakiz hasi ziren Jauregibarriako landetan, eta hantxe entrenatzen dute martitzen eta eguenetan, 18:30etik aurrera. Udalaren kirol zelaietan ez dute tarterik; ordu guztiak beteta daude. Andoni Agirrebeitia zinegotziagaz batzartu dira asteon, eta egon liteke irtenbideren bat: El Carmelo eta Karmengo Ama ikastetxeetan, eta Lauaxeta ikastolan badaude zelaiak, eta idatzi bat bidaliko diete horiek erabiltzeko akordio bat lortzea posible den galdetzeko. Udalak alokairu gastuekin lagunduko lieke. Entrenamendurako tokia aurkituta ere, non jokatuko lituzkete partidu ofizialak? Momentuz, Elorrio Rugby Taldearen eta Durango Rugby Taldearen deiak jaso dituzte euren zelaiak partekatzea proposatuz: "Errugbi talde biei eskerrak eman gura dizkiegu guri laguntzeko prest daudelako". 

Bitartean, Jauregibarrian entrenatzen jarraituko dute, ilusioz: “Beharbada, hamar urte barru atzera begiratu, eta esango dugu: ‘Begira non hasi ginen eta non gauden’”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!