Partidu hasiera txukuna burutu arren, ia partidu guztian atzetik joan ziren markagailuan zornotzarrak. Esan bezala, ondo ekin zioten partiduari, baina kataluniarrak lehenengo aurretik jarri zirenetik (8-6), ez zuten gehiago abantaila hori alperrik galdu, eta partiduaren amaierara arte mantentzea lortu zuten.
Etxeko taldea oso gogor aritu zen defentsan, eta erasoan Orukpe nigeriarra jaun eta jabe izan zen, zornotzarren kaltetan. Horri esker, abantaila polita hartu zuten lehenengo laurdenaren amaieran (27-19). Bigarren laurdenean gauzak ez ziren asko aldatu, eta antzeko aldearekin iritsi zen partidua atsedenaldira (45-35).
Atsedenalditik bueltan, Tarragonak partidua irabazita zeukala zirudien hirugarren laurdena aurre zihoan heinean, 18 puntuko aldea lortu baitzuten markagailuan. Laurdena bukatzerako, ordea, aldea 5 puntura murriztea lortu zuen Zornotzak. Hala ere, bukaeran ezin izan ziren markagailuan aurretik jarri, eta kataluniarrek irabazi zuten partidua (86-78).
Mailari eutsita, ikustear dago zornotzarrek ze helburu izango duten denboraldi amaierarako. Izan ere, lehenengo bost postuetan kokatzen badira, kantxa faktorea alde izango dute amaierako playoffean. Horretarako, hurrengo partidua zornotzan izango da, Guadalajararen aurka.