ETBko ‘Secret Chef’ programan agertu zinen. Nola sortu zitzaizun aukera?
Nik uste dut norbaitek zerbait esango ziela saioaren arduradunei. Gizon bat etorri zen hona behin, bakailaoa jatera, eguazten batez. Esan zidan oso ona zegoela, elkar agurtu genuen, eta hor amaitu zen dena. Baina hilabetera ostera etorri zen, eta bakailaoa Bizkaiko erara eskatu zidan. Berriz ere esan zidan izugarri ona zegoela, eta telebistarako programa bat egiten zebiltzala komentatu zidan. ETBrako zela, eta ea nik bertan parte hartu gura ote nuen: baietz esan nion. Bakailaoa jatera etorri zen gizon hori programako zuzendaria zela konturatu nintzen gero. Horrela hasi ginen programa grabatzen.
Aukera bikaina zure negozioaren berri emateko.
Egia esanda, bai; oso ondo etorri zait jendeak gehiago ezagutzeko, eta promozio gisa aukera egokia izan da. Agertu aurreko hilabete eta erdian egon naiz iragarkietan agertzen, programaren berri ematen duten iragarkietan. Egunero hiru bider agertzen nintzen gutxienez, eta hori propaganda itzela da niretzat.
Hurrengo batean zu zeu izango zara chef sekretua.
Gustatuko litzaidake. Proposamen bat egingo diet Faustok berak janari italiar tipikoren bat prestatu dezan, gero ni hori bera egiten saiatzeko. Erronka polita izango litzateke hori niretzat.
Zelako esperientzia izan zen?
Esperientzia ona izan zen. Lasai-lasai egon nintzen, kamerak egon ez balira bezala sentitu nintzen, etxean egon banintz bezala. Orain dela hogei bat urte, Bernagoitian, Ormaondo erretegian legatz-kokotea egiten ere grabatu ninduten, beraz, ez da lehenengo aldia kamera aurrean agertzen naizena. Gainera, oso tratu ona eman zidaten. Hiru egun egin zituzten programa grabatzen, eta egunero jaten zuten hemen.
Herrian ezaguna izango zara orain.
Bai. Lehendik ere nahiko ezaguna nintzen herrian. Baina, horretaz aparte, horrelako propaganda eginda, beti ezagutzen zaitu jende gehiagok. Ahoz aho zabaltzen dira horrelako gauzak herrian, normala den moduan.
Jende gehiago etorri al da programaren ondoren zure bakailaoa dastatzera?
Bai, nabaritzen da jende gehiago datorrela programa ikusi ostean, eta ez Zornotzako jendea bakarrik: kanpoko jende asko ere badator. Esan behar da, batez ere, bakailaoa eskatzen dutela, baina beste gauza asko ere eskatzen dute: txipiroiak kipulagaz, ogidun patatak eta tripakiak, adibidez. Nik denetik egiten dut.
Beraz, ez da bakailaoa bakarrik. Ospe handiko jatetxea da zurea.
Horrela dirudi. Esan bezala, nik denetik egiten dut, eta jendeari gustatzen zaiola ematen du. Azken finean, lokala txikia izan arren, beteta edukitzen dut askotan. Udan, terraza beteta edukitzen dut. Negozioa oso ondo doakit. Bezeroak ondo zaintzea da gakoa: adeitasunez tratatu behar dituzu beti, eta irribarre bategaz. Hona etortzen direnak etxean egongo balira bezala sentitu daitezen saiatzen naiz beti, eta ahalegin horrek bezeroen fideltasunagaz saritzen nau.
Eta, negozioa hain ondo doala kontuan izanda, ez duzu pentsatu lokal handiago bat irekitzea?
Azkenaldian horretan pentsatzen nabil, hiru bat proiektu aztertzen nabil negozioa handitzeko. Baina, beronek hartu du ospea, honi esker egin naiz ospetsu, eta, azken finean, lekutxo honi maitasun handia diot. Behin fama hartuta, ahal bezala aprobetxatu behar da aurrera egiteko.