Ana Uriarte, orkestra zuzendaria: “Elkarrekin jo ahal izateko desiatzen daude musikariak”

Anboto 2015ko ots. 14a, 09:00

Hamarkada bat darama Ana Uriartek BIOS Bizkaiko orkestra sinfonikoa zuzentzen; Zornotza Aretoan joko du BIOS orkestrak, domeka eguerdian. 

Domeka honetan, martxoaren 15ean eta apirilaren 19an kontzertu bereziak eskainiko ditu BIOS orkestrak, ordu berezietan, Zornotzan. Zelan sortu da eguerdiko kontzertuen ideia?
Oso ideia ona da, ezohikoa guretzat ere, eguerdiko 12:00etan kontzertua eskaintzearena. Sarritan diot Zornotzakoa naizelako bizirauten duela orkestrak, eta adibide bat da apostu hau: sostengu handia jaso dugu beti Zornotzan.

Euskal Herri osoko musikari gazteak daude orkestran, eta Zornotzan elkartzen zarete entseguak egiteko, ezta?
Bai, horrela da. Zelaieta zentroko erabilera ugariko gela da gure egoitza. Opera edo zarzuelatarako kanpoko orkestra zuzendariekin ibiltzen garenean ere, Zornotzan egiten ditugu entseguak.

Opera eta zarzuelatarako beste zuzendari batzuk gonbidatzen dituzue. Zergatik?
Musikarientzat oso aberasgarria delako, eta, hein handi batean, beharrezkoa ere badelako hainbat orkestra zuzendarigaz aritzera ohitzea. Hau erabaki nuen hasieratik: opera edo zarzuelan aritzeko kontratatzen gaituztenean, beste zuzendari batzuk gonbidatzea. Musikariek lan egiteko modu desberdinak ezagutzea da helburua.   

Zelakoak izango dira eguerdiko hiru emanaldia horiek?
Domeka honetakoa, Karibeko musikan oinarrituriko kontzertua izango da; bigarrenak musika barrokoa hartuko du ardatz; eta, azkena, zinemako musikaren inguruko emanaldia izango da. Neuk zuzenduko dut azken hori, eta orkestra osoak joko du.  

Jendea bertaratzera animatzeko zer azpimarratuko zenuke?
Berritzailea dela planteamendua, eta kontzertu bakoitza berezia izango dela. Ez dezatela pentsatu, adibidez, domeka honetakoa musika klasikoko kontzertu bat izango denik. Perkusioa egongo da, eta dantzari bat ibiliko da oholtzan: oso dibertigarria izango da!

Lehenengo aldiz joko duzue Zornotzan?
Ez, sarritan jo izan dugu, eta formatu askotariko kontzertuak izan dira, gainera. Orkestra osatu aurretik ere, Bilboko kontserbatorioko orkestragaz etortzen ginen Zornotzan jotzera.  
Zelan antolatzen duzue zeuen burua entseguetan hainbeste jende elkartzeko?
Esku artean dauzkagun proiektuen araberakoa izaten da entseguetan ematen dugun denbora; gainera, proiektuaren araberakoa izaten da parte-hartzaile kopurua ere. Orkestra osoagaz barik, talde txikiagotan jotzen dugu sarritan.

Zelakoa da orkestrako kideen arteko harremana?
Ondo ezagutzen dugu elkar, eta oso inportantea da harreman ona edukitzea, hori transmititu egiten delako oholtzatik. Bakoitza beste hainbat gauzatan dabilenez, egunerokotasunagaz ez da gaiztotu musikarien arteko harremana. Jendea elkarrekin jotzeko desiatzen egoten da, eta oso energia positiboa nabari da.

Zornotza salbuespena dela aipatu duzu. Zer aukera duzue zuen lana aurrera eraman, eta erakutsi ahal izateko?
Kultura, orokorrean, egoera negargarrian dago, eta gure orkestraren egoera ekonomikoa pobrea da, oso. Egia da salbuespena dela horretan Zornotza: herria kulturagaz arduratzen dela uste dut, eta kulturaren arloan zerbait egin gura duenak erantzuna jasotzen duela, behintzat. Baina itzal handiko erakunde kulturalen babes handiagoa faltan sumatzen dugu, bertako sortzaileak bultzatzeko.

Baduzue asmorik BIOS orkestraren lana beste leku batzuetara ere zabaltzeko?
Bai, jakina. Inguruko herrietan ere jo nahi dugu. Kulturara bideraturiko eraikinak badauzkagu, sasoi batean horien eraikuntzarako dirua bideratu zelako. Orain, horiek kulturaz eta bizitzaz betetzeko jendea kontratatzea da kontua. Nahi genuke kontzertu hauek beste herri batzuetan ere eskaini.

Musikari gazte euskaldunen aukera bakarra ez dadin atzerriratzea izan

Duela hamaika urte, 40 musikari gazte inguru elkartu ziren, eta BIOS orkestra sortu zuten. Hasieratik taldearen zuzendari den Ana Uriarte zornotzarrak gogora ekarri duenez, Iruñean (Nafarroa) eskaini zuten lehenengo kontzertua. Emanaldi horren ostean, Bilboko Aste Nagusiko zarzuelan musika jotzeko eskaintza egin zien produktore batek. Ordutik hona, Uriartek azpimarratu duenez, aurrerapauso garrantzitsuak eman ditu orkestrak. Hainbat opera emanalditan jo du, esaterako. José Carreras Bilboko Arriagan aritu zenean, adibidez, BIOS orkestrak eskaini zuen zuzeneko musika.

Ikasketak amaitu ostean, musikari gazteek aurrean topatzen zuten aukera ezari irtenbidea emateko helburuz sortu zuten BIOS orkestra. Ana Uriarteren berbetan, “ikasle izandakoek ez zeukaten orkestra egonkor batean aritzeko eta errepertorio bat lantzeko aukerarik: oso gazte prestatuak geneuzkan inguruan, baina hazteko aukera barik”.

Orkestra sortzea gazte horientzat musikaren munduan aurrera egiteko modua izan zitekeela pentsatu zuen Ana Uriarte musika irakasleak. Izan ere, musikatik bizi ahal izateko atzerrira alde egitea izaten baita, sarritan, Musikene goi-mailako musika ikastegian graduatzen diren gazte euskaldun askoren aukera bakarra. Bere garaian Uriartek bezala, euren musikari lanbidea Euskal Herrian eraikitzea erabakitzen dutenentzako aukera izan gura du BIOS orkestrak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!