Chicago hiriko Mannish Boys blues talde ezaguneko kidea da Sugaray, eta duela lau urte inguru Hondarribiko Blues jaialdian ezagutu zuten Travellin’ Brothers taldekoek. “Handik denbora batera geu izan ginen AEBetara joan ginenak”, gogoratu du Aitor Cañibano Travellin’ Brotherseko taldekideak: “Guri asko gustatzen zaigu bere ikuskizuna, eta berari ere gustatu zitzaion geure emanaldia, eta hortik sortu zen harremana”.
Surgaray Rayford “oso abeslari potentea da, eta bere ahotsa izugarria”, azpimarratu du datorren eguenean beragaz joko duen Cañibanok: “Blueseko klasikoak eta ukitu modernoak uztartzen ditu, eta ikuskizun ederra eskaintzen du; dantzatu egiten du, publikoagaz harreman oso polita sortzen du kontzertuetan... Festa bilakatzen du kontzertu bakoitza!”.

Travellin’ Brothers taldeko sei musikariek zabalduko dute otsailaren 19ko Zornotzako Zelaietako kontzertua, eta, ondoren, Sugaray Rayforden errepertorioko kantak eta blueseko klasikoen bertsioak joko dituzte guztiek elkarrekin.
Magnolia Route izeneko diskoa aurkeztera etorri da Sugaray Europara, eta Euskal Herrian hiru emanaldiko bira berezia egingo du Travellin’ Brothersegaz, lau egunean jarraian: Basaurin eskainiko du lehen emanaldia, otsailaren 18an; hurrengo egunean, Zornotzan joko du; otsailaren 20an, Leioan; eta, azkena, Ermuko Lobianon. “Guretzat arrunta da lau egun jarraian jotzea”, dio Cañibanok. AEBetan egon berri dira, eta hamar egunean hamaika kontzertu eskaini dituzte.