Arratsaldeko seietan hasiko da kontzertua, eta umeei eta helduei zuzenduriko ikuskizuna eskainiko dute.
Musikaren hizkuntza unibertsala du ardatz ikuskizunak, eta hizkuntza hori baliatzera gonbidatzen ditu entzuleak. Jolasaren bitartez, eta Mastretta taldeko musikarien gidaritzagaz, musikaren hainbat oinarri eurenganatuko dituzte entzuleek. Inprobisatu egingo du publikoak ere, eta orkestra zuzendari zein dantzari ere jardungo dira Zornotza Aretora gerturatzen diren ikus-entzuleak. Publikoak ere musikaren emozioa eta gozamena dastatu dezala gura dute Mastrettako musikariek.
Urtarril amaieran aurkeztu du Mastretta taldeak bere azken lana: El reino de Veriveri izenburua du diskoak, eta jendearen ekarpenekin, finantzaketa kolektiboaren bitartez lortu dute argiratzea. Duela hamarkada bat Madrilen sorturiko Mastretta taldearen garapena erakusten du diskoak, eta azken asteotan hasi dira diskoko kantak zuzenean eskaintzen.