Azalduko diguzu, labur-labur, zer den F-Stop?
Argazkizaleen elkarte bat da. Azkeneko urteetan, San Fausto jaietan argazki lehiaketak antolatu ditugu; herriari begira antolatzen ditugu. Horretaz gainera, duela bi urte Begira Photo jaialdia ere antolatu genuen museo etnografikoan. Gela bat ilundu, eta leihoan zulotxo bat egin genuen, eta horregaz atzeko horman proiektatzea lortu genuen; hori da kamera ilun izenez ezagutzen dena. Hori egin genuenean, gazteak etorri ziren hainbat ikastetxetatik.
Zergatik eta zertarako sortu zen taldea?
Herri mailan argazkilaritza bultzatzeko sortu zen taldea. Taldean indar handien duena edo taldea gehien mugitzen duena kamera estenopeikoa da. Orain dela hainbat urte izan nuen lehen harremana taldekoekin, eta orduantxe sortu zen estenopeiko handi hau. Bi metroko luzera, bi metroko altuera eta beste metro bateko zabalera duen kutxa da F-Stop taldeak duen estenopeikoa. Kutxa hau doblatu egiten da, behar denean gordetzeko, eta gurpilak ditu kamera honek, alde batetik bestera eraman ahal izateko.
‘Egin’ egunkariko argazkilari ere izan zinen. Zenbat urte eman zenituen bertan?
1978. urtetik 1980. urtera ibili nintzen. 1980. urte inguruan murrizketak heldu ziren egunkarira; herrietako orriak ez ziren argitaratzen, eta orduan bukatu zen nire sasoia ‘Egin’ egunkarian.
1985ean Xabier Galdeano egunkariko zuzendaria hil zuten. Egunkariko jendearentzat garai latzak izango ziren haiek.
Bai; Galdeano ondo ezagutzen nuen, harremana neukan beragaz. Zornotzako lagunak zituen, eta orduan bera eta bere emaztea ezagutu nituen; orain noizean behin ikusten dut bere emaztea. Egin sortzen laguntzeko Zornotzan eratu zen taldean ere egon nintzen, dirua batzen eta beste hainbat gauza egiten. Oso gizon jatorra zen Galdeano.
Zergatik ateratzen zenituen argazkiak herri kiroletan?
Bizkai mailan herri kiroletako eta pilotako argazkiak ateratzea zelako nire lana Eginen.
Zelan bizi izan zenuen egunkariaren itxiera?
Pena bat izan zen, jende askoren lana zegoelako ‘Egin’ egunkariaren atzean.
Egunkarian ez zenuela jarraituko esan zizutenean, nola hartu zenuen berria?
Egia esan, pena handia hartu nuen, baina nire sasoia amaitu zen. Nire garai hori militantzia hutsa izan zen, eta, gainera, ez nuen inongo prestakuntzarik izan.
1970eko hamarkadan Lurkoi arte tailerra sortu zen Zornotzan. Zergatik eta zertarako abiatu zenuten taldea?
1975. urtean sortu zuten, eta Enrike Renteria herriko margolaria zen buru. Herri mailan, arte plastikoei erantzun bat emateko sortu zuten. Taldea eratu baino lehenago bakoitza bere aldetik zebilen, eta nukleo bat sortzea zen helburua.
Jende asko joaten zen Lurkoi arte tailerrera?
Herri mailako proiektu bat izateko, nahikoa jende batzen ginen.
Zer motatako tailerrak eskaintzen zenituzten?
Hainbat irakasle geunden, eta bakoitzak tailer bat ematen zuen. Ni argazkilaritzan aditua nintzen, zelanbait esatearren, eta argazkilaritzako tailerra ematen nuen; margolaria zenak pintura tailerrak ematen zituen, eta zeramika edo buztingintza lantzen zituenak horien inguruko tailerra ematen zuen. Herri mailako tailerrak izateko, hainbat gauza eskaintzen genituen, eta horregatik hurbiltzen zen herriko jendea.
Argazkigintza eta zeramika landu dituzu. Bietatik bat aukeratu behar izanez gero?
Birritan pentsatu gabe aukeratuko nuke argazkigintza. Argazkigintza da gehien landu dudana, eta horregaz geratzen naiz.