Barrualdeko jokoa indartzeko Andreas Schreiber pibot suediarra fitxatu du Zornotza Saskibaloi Taldeak. Ameriketako Estatu Batuetako pasaportea du. Upsalan jaio zen eta 27 urte ditu (1987/07/22). 2.06 metroko garaiera du eta 111 kilo. Klubetik adierazi dutenez, “pibot indartsua eta atletikoa da barrutik jokatu dezakeena, baina tarteko jaurtiketa ere baduena. Carreto, Borovnjak eta Klanj jokalariekin batera, uztai inguruko jokoa sendotzeko jokalari baliagarria dela uste dute.
Europara etorri aurretik, Pennsylvaniako Unibertsitatean jokatu zuen (NCAA): 2011-12 denboraldian Urrezko LEB mailan jokatu zuen Tarragona saskibaloi taldeagaz. Batez beste 17.27 minutu jokatu zituen partiduko 7.5eko balorazioagaz: 7 puntu eta 4 errebote, batez beste. Suediako Sundsvall, Frantziako Vendee Challan eta Erresuma Batuko Plymouth taldeetik igaro ostean, aurtengo denboraldiko lehen zatia Urrezko Adecco mailan jokatu du Oviedo Union Financiera taldeagaz. 12 partituan 14 minutu jokatu ditu batez beste 6.5eko balorazioagaz: 6 puntu eta 4 errebote.
Schreiber-ek hainbat bider jokatu du Suediako selekzioagaz. 2004an 18 urtez azpiko taldeko partaidea izan zen; 2006an 20 urtez azpiko taldekoa eta, 2009tik 2013ra absolutuagaz aritu zen. 2011n B Mailako Eurobasketa jokatu zuen: 5.8 puntu eta 5 errebote.