Pasabideak 80 metro inguruko luzera izango du, trenbidearekiko paralelo joango da, eta sei pausagune izango ditu. Zubizabalako bizilagunak sarritan kexatu izan dira sasoi bateko arrapala kendu dutelako, eta, hori ordezkatzeko, igogailua eta eskailerak jarri dituztelako. Batez ere, haur-kotxeak zeramatzatenek eta elbarriek erabili behar zuten igogailua, eta kritika nagusiak ziren gauez ez zela martxan egoten eta batzuetan hondatuta egoten zela. Harrezkero, batzarrak izan ditu udalak Zubizabala auzoko ordezkariekin eta, azkenean, eraikitzen dabiltzan pasabidea da udalak eskaini duen irtenbidea.
Pasabideagaz batera, beheko plazaren eta Sabino Arana kalerako irekigune berriaren arteko lotunea ere egokitzen dabiltza. Bost kale-argi egokituko dituzte, eta gune horrek 320 metro karratu inguruko azalera izango du. Sabino Arana kaleko espaloiaren zati batean –heldugune berritik zebra bidera bitarteko tartean– harlauzak jartzeko ere aprobetxatuko dituzte lanak.