Iraia Garcia zornotzarrak irabazi zuen Igandean Azpeitian jokaturiko Euskadiko kros laburreko (4 km) txapelketa. Lasterketan bigarren sailkatu zen Garcia, izan ere, Majida Maayouf marokoarra gailendu zitzaion.
Hasiera azkar batean ostean, Maayouf eta Garcia taldekideak bakarrik gelditu ziren lasterketa buruan. Azken metroetan aurretik jarri zen marokoarra eta zornotzarrak ezin izan zion aurrea hartu. Gainera, erorikoa izan zuen 500 metro falta zirela. "Majida harrapatzear nintzela, laban egin eta lurrera jausi nintzen", dio Garciak. Hala ere, pozik agertu da lortutako laugarren txapelarekin.
Bestalde, aipatzekoa da mutiletan Dabid Garcia "Txiki" (Durangaldea Running) durangarrak eskuratutako hirugarren postua.
Otsailaren 15ean, Euskadiko kros luzeko txapelketa izango da Elgoibarren. Bertan, Trihas Grebe nazionalizatuta dagoen etiopiarra izango da lasterketa irabazteko hautagai nagusia.
Dabid Garcia, eskuman, podioko hirugarren tokian.