Nafarroa Zentroko aparkalekua ireki dute txandadako sistemagaz

Anboto 2015ko urt. 30a, 14:27

Sistema informatizatu batek kontrolatuko ditu sarrerak eta irteerak. 25 plaza ditu eta asteko egun denetan egongo da zabalik, 07:00etatik 22:00etara.

Gaur Nafarroa Zentroaren azpialdeko aparkalekua ireki dute sistema informatizatuagaz. Sartzeko edo irteteko ez dago txartelik hartu beharrik: Sarrerako edo irteerako hesiaren azpialdean dagoen marraren gainean autoa geratu eta sistema informatiko batek automatikoki irekiko du atea. Sistema berdina darabil Ixerreko aparkalekuak ere.

Oraingoz lehen solairua bakarrik egongo da zabalik eta 25 aparkaleku ditu. Ixerreko aparkalekuan legez, txandakako sistema ezarri dute; hau da, aldiko hiru ordutan aparkatu ahal izango da gehienez. Ondoren, ordu bi itxaron beharko da berriro bertan aparkatu ahal izateko. Hori guztia sistema informatikoak kontrolatuko du.

Aparkalekua egunero egongo da zabalik: astelehenetik domekara, 07:00etatik 22:00etara. Gauetan itxi egingo dute segurtasun neurriengatik. Gauez autoren bat barruan geratzen bada isun bat ordaindu beharko du.

Kontuan izan beharreko alderdi bat autoaren garaiera da: gehienez 1,8 metroko garaiera duten autoak sartu ahalko dira. Aparkalekurako sarreran gehienezko garaiera markatzen duen hesi bat dago. Udal arduradunen esanetan, lur orotako ibilgailuak sartu daitezke: probatu dute eta sartzen dira.

Momentuz beherengo solairua, itxita

Momentuz, lehen solairua bakarrik zabaldu dute. Beherengo solairua, 38 bat aparkaleku dituena, itxita egongo da. Izan ere, beherengo solairu hori errekaren mailaren azpitik dago eta urtean pare bat bider —neguan euri asko egiten duenean— ur-geruza fin batek estaltzen du: “Lehenengo lehen solairuak zelako harrera duen ikusi gura dugu. Askotan betetzen bada eta beharrizana ikusten bada hausnartu daiteke beherengo solairua irekitzea, esaterako, udan edo euri denboraldia ez denean”, adierazi du David Latxaga alkateak.

Hesiak zabaltzen ez badira udaltzaingoagaz hartuemanetan jartzeko gailu bat dago sarrera-irteerako hesien ondoan. Autoa aparkatu ostean irteera bi daude kalera igotzeko, aparkalekuaren alde banatara; horietako batek igogailua du.

Beraz, iazko urtarrilean Ixerreko aparkalekua inauguratu zutenetik hona,  171 aparkaleku berri dauden Zornotzan: 146 Ixerren eta 25 Nafarroa Zentroan. Betarraganen beste aparkaleku bat eraikitzen ari dira, 42 plaza izango dituena. 

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!