Zelan sortu da Mikel Bikandi hirukotea?
Neuk sortutako kantetan oinarrituta abiatzen dudan bigarren proiektua da hau. Hiru urtean egon naiz kantak sortzen, eta errepertorio hau osatzeko bederatzi kanta egin ditut. Kantak neugaz joko dituzten bi musikarirekin ibiliko naiz orain, kanta horiek zuzenekoetan eskaintzen: gitarragaz, bateriagaz eta kontrabaxuagaz ibiliko gara.
Zelan elkartu zarete hirukotea osatzen duzuen kideak?
Musikaren bidez ezagutu dugu elkar; kantuok jotzeko lagunak lortzeko Musikene goi mailako musika eskolara jo nuen, eta han gomendatu zidaten Arturo Valero kontrabaxistari eta Cesar de Frías bateriari proposatzea.
Zelakoak dira zure kantak?
Hiru instrumenturekin ahalik eta aniztasun handiena eskaintzen saiatu naiz. Gainera, aurreko lanetan esploratu bako baliabideekin ausartu naiz kanta hauetan: lehenago sekula egin ez dudan bezala, melodia bat harmonikoekin jotzen dut, esate baterako. Melodiak nik zein kontrabaxistak jotzen ditugu, eta hirukotean erabili daitezkeen baliabide guztiak erabiltzen ditugu.
Kantak “poema musikalak” direla esaten duzu.
Bai, horrela esaten dut; Zortzi bitxi izena jarri gura nion diskoari: hiru urtean egin dudan lanetik, nire ustez, balio handiena dutenetakoak dira kanta hauek. Poemak esaten diet, bakoitzak atmosfera bat, egoera bat, kolore bat errepresentatzen duelako.
Zer pauso jarraitzen dituzu kantak sortzerako orduan?
Batzuetan ideia musikal batek sortzen du istorioa: Hilerriko dantza kantan soinuak eraman nau istoriora, esaterako. Arraun kantagaz, gauean itsasoan dabilen txaluparen soinua neukan buruan, eta horrek eraman nau kantaren musika konposatzera: ideiari soinua ipintzera.
Kanta hauek diskoan grabatzeko asmorik baduzue?
Bai, baina ez dugu pentsatu noiz egingo dugun. Orain, ahal beste kontzertu eskaini eta, ondoren, diskoa grabatu nahi dut, baina ikusteko dago hori.
Zenbat leku du inprobisazioak zure azken sorkuntzetan?
Aurreko diskoan garrantzi handiagoa zuen inprobisazioak, baina oraingoan kantak zehaztuago egotea gura izan dut. Izan ere, iruditzen zait, musikari gisa inprobisazioa oso erronka dibertigarria bada ere, entzuleengan gehiago pentsatu behar dugula, eta oreka bat bilatu. Abestiari inportantzia handiagoa eman gura diot. Sarrera batek, inprobisaziorako tarteak eta amaierak osatzen dituzte kanta hauek.
Zeure burua entzulearen paperean ipintzen duzu, beraz.
Bai. Izan ere, musikari bai, baina entzule ere banaiz. Egunerokoan, musika entzuten dudanean ez nabil kanta aztertzen, musikaz disfrutatzen baizik. Eta hori eskaini gura diot jendeari; musika gustagarria.
Hirukote honegaz eskaintzen duzun bigarren kontzertua izango da Zornotzakoa, ezta?
Bai, Galdakaoko liburu azokan eskaini genuen lehenengoa. Lehenengo kontzertua izan zenez, egon zen zer hobetu, baina gustura ibili ginen estreinaldian.
"Zornotzak bizitza kultural |
"Gustuko dut film laburrei eta animazioko lanei musika ipintzea |
Zornotzan, zeure herrian, jotzea berezia da zuretzat?
Bai, beti da berezia. Ezagutzen dituzunen aurrean jotzea izaten da kontzerturik zailena. Bestalde, Zornotzak bizitza kultural aberatsa dauka, eta aukera ederra da bertan jo ahal izatea.
Musika irakaslea zara Durangoko kontserbatorioan. Zein izan da zure ibilbidea?
Zortzi urtetik aurrerako ikasleei Musika Modernoko eskolak ematen dizkiet. Gitarra jotzen hamasei urte ingurugaz hasi nintzen, eta Londresen ekin nion musika ikasketak egiteari. Ondoren, Iruñean ikasi nuen jazza, eta, gaur egun ere, bertan dihardut Konposizio Klasikoa ikasten. Hamar urtez jazzean ibili naiz buru-belarri, eta bestelako doinuetan nabil orain.
Ikus-entzunezko proiektuen musika sortzen ere egin gura duzu bidea.
Bai. Izan ere, oso gustuko dut mundu hori. Gustatuko litzaidake film laburrei eta animazioko lanei musika ipintzea. Musikagaz giroak sortzea asko maite dut. Gustatuko litzaidake arlo horretan ere saiatzea.