Zelan sortu da liburua kaleratzeko asmoa?
Orain dela hamabi urte Arkalaz aldizkaria jarri genuen martxan herrian. Hilabete bakoitzean argazki zahar batzuk jartzen genituen. Lehenengo zenbakitik esaten nuen ondo legokeela liburu batean batzea etxean dugun bilduma.
Argazki zahar hauek zure aititak bildutakoak dira.
Enrike Renteria nire aitita zen, eta sasoi hartan herriko berezia zen. Argazki zaharrak biltzeko zaletasun handia zuen, eta bere ondoren nire amak ere zaletasun horregaz jarraitu du. Guztira, herriko 400-500 argazki zahar ditugu gordeta.
Zure aititaren eta amaren zaletasuna duzu zuk ere?
Niri argazki zaharrak biltzea baino, argazkiak ateratzea gustatzen zait. Gaur egun normaltzat hartzen ditugun irudiak hemendik hogei urtera esanguratsuak izan daitezke. Parkeak zein etxeak guztiz aldatzen dira urteen joan-etorriagaz, eta nik argazki horiek ateratzen ditut.
Zer argazki mota duzue bilduma horretan?
Denetarik dago. Familia edo kuadrilla argazki asko daude. Antzinako elizaren argazki asko ere baditugu, aititak koadroetan margotutakoak. Era berean, uholdeen argazki asko ditugu. Antzina Zornotzan urtero izaten zen uholderen bat, beraz, gai horri buruzko argazki pilo bat dugu.
Zaila izan da argazki horiek guztiak antolatzea eta aukeratzea liburua osatzeko?
Bai, mugaren bat jarri behar da, bestela ez dira denak kabitzen. Gainera, tamaina eta kalitatea ere kontuan hartu beharra dago. Esate baterako, gerra denborako argazki asko daude, baina oso formatu txikia dute. Askok ez dute liburu baterako kalitaterik. Eta liburu bat osatzerakoan bildumari zentzu bat eman behar diozu. Ez du balio dugun guztia ildo zehatzik barik sartzeak.
Argazki hauekin Zornotzaren historia ere errepasatu daiteke?
Historia liburua ez den arren, argazki bakoitzak bere azalpena behar du. Zein urtetakoa den eta kokapena jartzea beharrezkoa da. Gainera, atal bakoitzak badu bere azalpen sakonagoa: elizak, eraikinak... Ikerketa lan hori nire arreba Maitek egin du.
Hainbeste argazkiren artean baduzu kuttunen bat?
Argazki bat, duen konposizioarengatik, oso berezia dela esango nuke. 1915ekoa da, eta ihespuntu bezalako bat du. Gizon bat kaletik ibiltzen, iturria, eta ama bat umeagaz ikusten dira. Konposizioa oso gaurkoa da, argazkiak 100 urte dituen arren.
Zure aitona artista izan zen. Une honetan esker on handia jasotzen dabil. Zuk zelan gogoratzen duzu?
Oroitzapen bukoliko bat dut. 7 urte nituela hil zen, eta gogoratu egiten dut. Bere etxean astoagaz koadroak errepasatzen egoten zen, bere mistelagaz eta fruitu lehorrekin.
Sasoi horretan artista izatea zelan ikusten zuen gizarteak?
Herriko arraroa zen. Amamak taberna eta hotela zituen, eta lanean ibiltzen zen beti. Aititak ere lan asko zituen. Zinematografoa zen, telefono posteak jartzen zituen... baina gustukoen zuena margotzea zen. Nagusitan, bizi zela, nahiko esker on izan zuen. Gaztetan, berriz, herriko berezia zen.
Liburua non eskuratu daiteke?
Zornotzako liburu dendetan eta tabernetan eros daiteke. Guztira hogei salmenta puntu daude. Bestela, unaiingunza.com webgunean edo unai.ingunza@gmail.com helbide eletronikora idatzita ere eskatu daiteke. Guztira, 750 ale kaleratu ditugu.
Anbotoren sorreran zerikusia izan zenuen.
Sasoi hartan Di da agentzian lan egiten nuen eta diseinuan lagundu nuen.