Zornotzako Ogenbarrena auzoko ostalari eta merkatarien Hezetasun elkarteak jaialdi solidarioa antolatu zuen abenduaren 12tik 14ra. Kantzerra duten seme-alaben gurasoek sortutako Pequeropa elkarteari laguntzeko diru bilketa egitea zuten helburu. Asteburu horretan hainbat ekitaldi egin zituzten, Maletatzar Solidarioa izeneko lasterketa herrikoia (2 km) tartean. Guztira, 4.000 euro batu zituzten eta horiek Pequeropa elkarteari emango dizkiote.
Aurtengo Maletatzar Solidarioa lasterketan 400 herritarrek parte hartu zuten. Lasterketa berezia izan zen eta abiadura beharrean originaltasuna saritu zuten antolatzaileek. Sari nagusia irabazteko hautagaien artean izateko baldintza berezi bat bete behar zen: maleta bategaz korrika egitea. Korrikalari bakoitzak erabaki zuen maleta horretan zenbat pisu pilatu eta pisurik gehien zeraman aurrenekoa izango zen irabazlea. Aurtengo aldian maletan 95 kilo zeramatzan parte hartzaile batek irabazi zuen. Horrez gainera, mozorrorik originalenak ere saritu zituzten; nagusietan perretxiko mozorroa zeraman herritar izan zen irabazlea eta gaztetxoetan su-hiltzaile jantzita aritu zen gazte bat.