Ogenbarreneko ostalaritza eta komertzioen Hezetasun elkarteak eta Zornotzako Udalak astaburu osoa hartuko duen jaialdi solidarioa antolatuko dute Ogenbarrenan. Batutako diru guztia haurren minbiziaren kontrako ikerketa sustatzen duen Pequeropa elkartearentzat izango da.
Ekitaldi nagusia zapatuko Maletatzar Solidarioa izeneko herri lasterketa —bi kilometro— da. Lasterketa berezia da 12.30ean hasiko dena. Asko mozorrotuta irtengo dira eta beste asko eskuan maleta bat dutela. Izan ere, aurreneko 40 korrikalarien artean sailkatzen denak eta maletarik pisutsuena daramanak (gutxienez 10 kilo) irabaziko du lehen saria (bidaia bat); bigarren saria (tableta eta lagun birentzako afaria) mozorrarik onenari emango diote. Gaztetxoen mailako mozorrik onenak, berriz, Amorebieta eta Athletic-eko jokalariek sinatutako kamiseta bana eramango du. Dena dela, mozorrotuta edo gabe, maletarekin edo esku hutsik, edonork parte hartu dezake lasterketan 2,5 euroren truke. Egunean bertan eskuratu daiteke dortsala, 10:00etatik aurrera; baita Senses establezimenduan ere egunotan.
Lasterketaz gainera askotariko ekimenak daude barikutik domekara. Esaterako, hiru egunetan, Gure Azoka izeneko artisautza feria egongo da eta bertan bigarren eskuko jostailuak ere salduko dituzte, besteak beste. Horren bidez batutako dirua Pequeropa elkartearentzat izango da. Dirua batzeaz gainera, haurren minbiziaren gaineko sentsibilizazioan eta normalizazioan urratsak ematea ere bada ekimenaren helburua. Bide horretan ekimenak ekarri ditzakeen onurak eskertu eta azpimarratu dituzte Pequeropa elkarteko Susana del Amok eta Zaloa Oruek gaurko prentsaurrekoan; biek dakite minbiziaren ondorioz semea edo alaba galtzea zer den. Adierazi dutenez, Ogenbarrenan informazio postu bat egongo da medula-emaile izateak biziak salbatu ditzakeela gogoratu eta medula-emaile berriak bilatzeko.
Gainera, formazio hori onkologo batek emango du. Beraz, aditu bat egongo da bertatik bertara herritarren zalantzak argitzen: “Oso garrantzitsua da medikuek ospitaletik kanpora ere kontzientziazioan laguntzea; bata zuria kendu eta kalera irtetea”, adierazi du Oruek.
Umeentzako tailer, puzgarri, eskulan, magia ikuskizunak… ere egongo dira asteburu osoan. Zapatuan, 18:00etan, txokolotea eta bizkotxoa euro baten truke egongo da; domekan, 12:30ean, auto klasikoen erakusketa dago eta eguerdian Zurzulariak koralaren eta Kokotean Kolpe fanfarriaren musika, Ibarrekolandatik abiatuta.
Jasotako dirua haurren minbiziaren gaineko proiektu batera bideratuko dute, baina oraindik ez dute erabaki zeinetara. “Proiektu egingarri bat izango da edozein kasutan; Gurago dugu txikia izanagatik, emaitzak izango dituela badakigun proiektu batera bideratu, aurrera irtengo den ez dakigun proiektu handi batera bideratu baino”, argitu du Oruek.
Pequeropa Gurutzeko seigarren solairuko onkologia sailean euren seme-alabekin batzen ziren gurasoek sortutako elkartea da. Elkar ezagutu eta nork bere testuingurua kontatu ostean, batzea erabaki zuten. Haurren minbizaren kontrako ikerketan ahal den heinean laguntzea da helburuetako bat, baina gaztetxoei euren bizimodua errazago egiteko edozein ekimen edo ideia babestu eta bultzatzea ere bai.
EGITARAUA: ABENDUAREN 12a, OSTIRALA
17:00 'Gure Azoka'-ren inaugurazioa. Gabonetako artisautza produktuen azoka. Postu solidarioaren irekitzea (bigarren eskuko jostailuen eta beste produktu batzuen salmenta).
18:00 Hezetasun txosna solidarioaren inaugurazioa. Eskatzen den edariarekin
pintxoa erregalatuko da (Hezetasun elkartea).
18:30 Kaleko dantzen erakustaldia (otaku).
22:00 'Gure Azoka'-ren itxiera.
ABENDUAREN 13A, LARUNBATA
10:00 'Gure Azoka'-ren irekitzea.
10:00 Azken dortsalen salmenta puntu solidarioan.
11:00 Umeentzako tailerrak: esku-lanak eta aurpegi-margoketa.
11:00 - 14:00 Puzgarriak (Kulturbide).
12:00 Lehenengo deia maletoi solidariorako.
12:30 Maletoiaren irteera.
13:30 Sari banaketa.
13:30 Opari banaketa partaide guztiei.
17:00 - 19:00 Laz eta Sloan magoen emanaldia.
17:00 - 20:00 Umeentzako tailerrak: esku-lanak eta aurpegi-margoketa.
17:00 - 20:00 Puzgarriak (kulturbide).
18:00 Txokolatada solidarioa (txokolatea + donuta edo bizkotxoa).
ABENDUAREN 14A, IGANDEA
10:00 'Gure Azoka'-ren irekiera.
11:30 Auto klasikoak (Amigos del Club 600).
12:30 Auto klasikoen erakustaldia.
11:00-14:00 Puzgarriak (Kulturbide).
12:00- 15:00 Xuxurlariak eta Zornotza abesbatzak. San Inazioko Kokotean Kolpe fanfarrea.
21:00 'Gure Azoka'-ren itxiera eta 2014ko maletoi solidarioaren amaiera.