Betarraganen 42 plaza izango dituen aparkalekua egiten hasi dira asteon

Anboto 2014ko aza. 19a, 13:00

Doakoa da eta ez du txandako sistema erabiliko.

Betarraganen 42 plaza (bi elbarrituentzat)  izango dituen aparkalekua egiten hasi dira aste honetan. Konbenio Hotelaren eta El Carmelo ikastetxearen artean dagoen udal orubean —1.385 metro karratu ditu— ari dira aparkalekua eraikitzen.

Aparkalekua doakoa izango da eta ez du txandakako sistemarik erabiliko. Beraz, aparkatu ostean ez da denbora mugarik egongo. Urri hasieran Ixerren inauguratu zuten 146 plazako aparkalekua ere doakoa da, baina txandako sistema darabil eta gehienez aldiko hiru orduan aparkatu daiteke.

Betarraganeko aparkaleku berriaren kokapena azpimarratu du David Latxaga alkateak : “Erdigunetik gertu egongo da. Carmelo ikastetxea eta Zornotza Aretoa gertu daude eta baita herriko erdigunea bera ere”. Horrela, zonalde horretan aparkalekuak eskatuz egondako herritarren eskaerei erantzun gura die udalak. Lanak amaitzeko lau hiletako epea dago, baina “eguraldia lagun bata, datorren urteko otsail hasierarako prest izatea espero dugu”. Sarrera El Carmelo ikastetxeko aldetik egingo dute.  Orubea metro bat inguru altxatuko dute, sarreragaz parean geratu dadin, nahiz eta barruan, alde batetik bestera, penditz txiki bat izango duen, %6 ingurukoa. Aparkalekuaren perimetroa eta erdigunea zuhaitzekin edo zuhaixkekin (ereinotzak, urkiak, hurrondoak…) atonduko dute. Argiteria eta uren hustuketarako azpiegiturak ere egingo dituzte.

Aparkalekuak 150.000 euroko aurrekontua du eta lanak egiteko ardura Asfaltados y Construcciones Morga enpresak izango du.

 

Aparkalekuko planoa:

 

 

Hondeatzailea aparkalekuan lanean:

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!