Zornotzako ziklo-kros probak 150 txirrindulari gazte batuko ditu domekan

Anboto 2014ko aza. 15a, 10:00

Iurretako CAF Transport Engineering taldeko Saioa Gil maila ikusgarria erakusten dabil aurten.

Ziklo-krosean Zornotzak lekukoa hartuko dio Elorriori domeka honetan. Joan zen asteburuan Elorrion estatu mailako espezialistarik onenak batu ziren Espainiako Koparen barruko proban. Zornotzako lasterketa Euskaldun Torneorako izango da puntuagarria, eta kadeteetan zein gazteetan lehiatuko dute. Guztira, 150 bat txirrindulari batzea espero dute.


Amorebieta txirrindulari elkartea da probaren antolatzailea. Urtero legez, Jauregibarria parkean osatu dute 2,5 kilometroko zirkuitua. Berez, ez da konplikazio handia duen zirkuitua. Iñigo Larruzea txirrindulari elkarteko presidentearen berbetan, “txapelketa osoko zirkuiturik errazena izango da, seguruenik”; baina euria egiten badu, beste kontu bat izango da, lokatza sortuko da eta.

Kadeteak 11:00etan irtengo dira, eta gazte mailakoak 12:00etan. Mailarik onena duten txirrindularietako batzuek ezingo dute etorri, Euskadiko selekzioagaz Belgikan izango den Aspe-Gavere lasterketan parte hartuko dutelako asteburuan. Beraz, Xabier Murias eta Aritz Zabala ez dira etorriko mutilen kadete mailan, eta Joseba Otaola arabarra eta Xabier Llamosas bizkaitarra izango dira irabazteko faborito nagusiak. Nesken kadete mailan Iurretako CAF Transport Engineering taldeko Saioa Gil da faborito nagusia. Espainiako Kopako liderra da gaur egun, eta maila harrigarrian dabil lehen mailako kadetea den arren. Joan zen asteburuan ezin izan zuen Elorrioko lasterketa amaitu, glukosa jaitsiera bategatik, baina erabat errekuperatuta dago.

Gazte mailan Jon Gil, Jokin Alberdi eta Josu Albizu ez dira etorriko, Belgikan egongo direlako, eta garaipena Julen Umerez, Iker Imaz eta Jonathan San Miguelen artean egongo da seguruenik. Maila berean eta nesketan, Mireia Muñozen eta Enara Lopezen artean egongo da garaipena. Bi txirrindulariak Mendiz Mendi taldekoak dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!