Bowmanen azken segundoko hirukoak garaipena eman dio Zornotzari

Anboto 2014ko aza. 10a, 12:28

Tre Bowmanek 36 puntu sartu zituen Bartzelonaren aurka; tartean, Zornotzari garaipena eman zion hirukoa azken segundoan.

Larreara batu ziren zaleek denbora batean ahaztuko ez duten partiduagaz gozatu zuten atzo. Azken segundoan lortutako garaipen batek zirrara berezia sortzen du eta zaleak sentipen hobezin horrekin joan ziren etxera. Zornotzak 86-83 menderatu zuen Bartzelona. Tre Bowman izan zen partiduko izarra; 36 puntu sartu zituen eta partiduko azken jokaldian, 83-83 zihoazela, taldeari garaipena eman zion hirukoa sartu zuen.

Zornotzak aurretik amaitu zuen lehen laurdena: 24-16. Bigarrenean Bartzelona esnatu egin zen eta partiduari buelta eman zion. Atsedenaldian: 39-42. Hirugarren laurdena zornotzarrena izan zen berriro eta aurretik heldu ziren azken laurden erabakigarrira: 63-61.

Partidua amaitzeko minutu baten faltan Zornotza bost puntu behetik zihoan markagailuan: 78-83. Ander Garciak hiru puntura jaitsi zuen aldea biko saskiraketa batekin. 20 segundoren faltan Bowmani falta pertsonala egin zioten hiruko saiakera batean: hirurak sartu zituen. Berdinketa markagailuan. Ondoren, Querok baloia lapurtu, Garciari eman, honek Bowmani eta… irteerako urratsak. Jokalari amerikarrek sarritan egiten duten hutsa da, ez daudelako ohituta. Partiduko izarraren lana huts horrek ilundu behar ote zuen? Ez. 3,9 segundoren faltan, Bowman berak baloia ostu, kantxa zeharkatu, hirukoa jaurti eta barrura. Ez zegoen beste ezertarako denborarik. Ingeleses buzzer beater deitzen den saskiraketa lortu zuen. Azpimarragarria Quero eta Borovnjak jokalarien lana ere 11 eta 17 punturekin, hurrenez hurren.

Jokalariak saltoka, zaleak zoratu beharrean, besarkadak… Egunetarako aho zapore gozoa uzten duen garaipen horietakoa izan zen.

Zornotzak denboraldiko laugarren garaipena lortu zuen. Lau garaipen eta porrot bat orain arte. Zilarrezko Adecco Ligako Sailkapeneko bosgarren tokian dago, baina aurretik dituen lau taldeek baino partidu bat gutxiago jokatu du. Datorren asteburuan Mallorka taldea bisitatuko dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!