Iñigo Roque, itzultzailea: "Ezkututik ateratzearen parekoa da Euskadi saria jaso izana"

Anboto 2014ko urr. 15a, 11:20

Lobo Antunesen 'A ordem natural das coisas' liburuaren itzulpenagatik Euskadi Saria irabazi du Iñigo Roque Eguzkitza itzultzaile zornotzarrak.

Zelakoak izan dira saria jaso zenuenetik honako egunak?
Bakarlanera ohituta, ezkututik ateratzearen parekoa izan da apur bat. Bateko eta besteko zorion mezuak gustura hartzen dira, jakina. Sari bat jasotzea beti da pozgarria, ageriko plazara ateratzeak dakartzan eginbeharrak gorabehera.

José Saramagok idazleez esaten zuen bezala, itzultzaileen arorik oparoena ere 50 urtetik aurrerakoa izaten dela irakurri dizugu. Baina askoz lehenago jaso duzu saria. Zer da Euskadi saria itzultzaile batentzat?
Bitxia da Saramago aipatzea, ezinikusi handia zegoelako Lobo Antunesen eta bere artean. Gainerakoan, euskal itzultzaile batentzat esan liteke ez dagoela sari handiagorik, eta aurreko sarituen zerrenda ikustea besterik ez dago horretaz jabetzeko.

Lobo Antunes portugaldarraren ‘A ordem natural das coisas’ liburuaren itzulpena saritu dizute. Zelan sortu zen lan hori egiteko aukera?
Urte asko dira EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak eta Eusko Jaurlaritzak Literatura Unibertsala bilduma abian jarri zutela. Aldiro lehiaketa antzeko bat antolatzen dute itzulpenak nori eman erabakitzeko. Lagin bat aurkeztu nuen, eta aukeratu egin zuten.

Zer duzu gogoko Lobo Antunesen idazkeratik?
Lobo Antunesen helburua beti izan da erabateko eleberria idaztea, eta bilatze horretan emandako beste pauso bat da liburua. Erakargarriena da, idazle handi gehienen moduan, giza izatea hobeto ulertzen laguntzen digula, errealitatea eta ametsak, eta iragana eta oraina nahasita.

Zenbat denborako lana izan da liburu hau itzultzea?
Urte eta erdiko lana izan da. Iluntzeetan, semea oheratutakoan, desorduetan egindakoa. Zirriborroa prestatu, hura orraztu, jatorrizkora bueltatu...

Antunesek berak esandakoa omen da itzultzea idaztea dela, liburuen bertsio berriak sortzea.  
Bai, liburuaren hitzaurrean nioenez, itzulpen posibleetako bat da hau, nirea; nik neuk ezin egin nezakeen lan hoberik, gaur-gaurkoz behintzat. Sortzetik badu itzultzeak, baina gehiago imitaziotik, zuretik ezin duzulako ezer erantsi, idazlearen ondare estilistikoan sartzen ez bada.

Euskadi sarietako epaimahaiak landu duzun jatorrizko testuaren zailtasun formalak aipatu ditu. Zeintzuk izan dira horiek?
Liburuko atal guztiak barne bakarrizketak dira, kontzientziaren etorriari jarraitzen diotenak. Horrek hankaz gora jartzen ditu hainbat konbentzio: puntuazioa, mintzamoldeak eta narrazioaren haria, esate baterako. Beraz, zailtasuna, hizkuntzatik bertatik baino, idazlearen estilo berezitik etorri da. Itzulpena egiterakoan “arrisku eta libertateak” zelan kudeatu dituzun ere azpimarratu dute. Euskal irakurleak literatura liburu bat hartuko du eskuen artean, itzulpena den ala ez begiratu barik. Irudipen hori sortzeko hartu beharreko arriskuak izan dira nik hartutako guztiak; ez nik gurata hartutakoak, ezpada irakurlearen alde egindakoak.

Frenando Pessoaren poesia ere itzuli izan duzu. Zaila da poesia itzultzea? 
Poemek, eleberrien aldean, badute abantaila garbi bat: luze-laburra. Errimak, neurriak, musikaltasuna... Aintzat hartzeko osagai gehiago daude jokoan poesian; nahiz eta Antunesen prosan ere musikaltasunak garrantzi handia duen, prosa lirikoa esaten zaion hori dela-eta.

Zergatik ikasi duzu portugesa?
Gure aita izan zen haren familian portugesez berba egiteko gauza izan ez zen lehenengoa, eta ni, beti hizkuntzen zale izan naizenez, urteak dira Portugalgo literatura eta paisaietara hurreratu nintzela. Lankide batek behin galdetu zidan: “Portugesez dakizula? Zertarako?”. Hara, orain erantzun diezaioket.

Ingelesetik ere itzuli dituzu lanak. Francis Scott Fitzgerald idazlearen ‘Plazeraren gau ilunekoak’ azkena.
Itzulpen hori berezia izan zen, Garazi Arrularekin batera egin nuen eta. Bakarrik ez jarduteak berezi egiten du lana. Uste dut emaitza ikusgarria izan dela. Tamalez, oharkabean pasatu da; ikaskizun ezin zorrotzagoak dauzka liburu horrek nork irakurriko zain.

Zer daukazu orain esku artean?
2015ean beste itzulpen bi aterako dizkidate: Sophia de Mellor-en poemen antologia bat, eta Rudyard Kipling-en Errege izatekoa zen gizona eleberria. Ezin geldirik egon, goroldioa batuko zaidan beldurrez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!