AEBetatik Zornotzara: "Gure asmoak igoerara bideraturik daude; liga irabazteko moduko taldea dugu"

Anboto 2014ko urr. 10a, 09:15

Ezkerretik eskumara: Sasa Borovnjak, Tre Bownam eta Juan Coronado. Argazkia: Lehior Elorriaga

Sasa Borovnjak,Tre Bowman eta Juan Coronado jokalariak Zornotza Saskibaloi Taldearen aurtengo hiru fitxaketa dira. Hirurek Estatu Batuetako unibertsitateen NCAA ligako lehen mailan jokatu izan dute. Bowman eta Coronado hortik datoz. Borovnjakek ibilbide luzeagoa du, eta iaz ACBko Herbalife Gran Canaria taldean jokatu zuen. Aurten euren bideak Zornotzan elkartu dira.



Zornotza Saskibaloi Taldearen proiektutik zerk erakarri zaituzte?
Tre Bowman: Nire ibilbidea hasteko toki aproposa dela uste dut; jokalari gisa hazteko aukera eskaintzen dit.
Sasa Borovnjak: Nork bere ibilbidea hasteko aukera oso ona da; gogor lan egin gura dugu, taldeari lagundu nahi diogu, hurrengo denboraldian goragoko maila batean egoteko.
Juan Coronado: Aukera honegaz emozionaturik nago. Zornotzak bigarren denboraldia du Zilarrezko Adecco ligan, eta gorantz doan taldea da.


Zornotza Saskibaloi Taldean zaudetenenik zerk eman dizue atentzioa?
T.B.: Egunean eguneko lanean jartzen duten arretak. Zuzendaritzatik hasi eta entrenatzaile talderaino, gogor lan egitearen aldeko konpromisoa azpimarratzen dute. Gure ahalmenen mugan jartzen gaituzte beti.

Liga hasi baino ez da egin. Zer unetan dago taldea?
T.B.: Taldekideen artean gero eta hobeto ulertzen dugu elkar, eta apurka-apurka hazten ari gara.
S.B.: Oraindik ez gaude nahiko genukeen tokian, oraindik ez daramagulako denbora askorik elkarrekin, baina partiduz partidu hobetzen ari garela eta elkarrengandik gero eta gertuago gaudela ikusten dut. Bide horretatik jarraitu behar dugu.
J.C.: Talentua duen talde handia dugu, baina denbora behar dugu hobetzeko. Mikel [Garitaonandia, entrenatzailea] lan handia egiten ari da gure defentsako hutsuneak aurkitzen eta zuzentzen.

Zornotzaren iazko denboraldia gogoangarria izan zen, eta zaleek igoeragaz amets egin zuten. Aurten zer helburu duzue?
T.B.: Gogor lan egin eta bakoitzak duen guztia ematen badu, taldeak edozer helburu lortu dezake.
S.B.: Nire onena eman nahi dut, taldeari bere helburua lortzen laguntzeko; Urrezko Adecco ligara igotzea lortu nahi dut.
J.C.: Gure asmoak igoerara bideratuta daude. Badakigu liga irabazteko moduko taldea dugula. Horrek gure onena ematen lagunduko digu, eta taldearentzat mesedegarria izango da.

Zaleen artean ilusioa eragin du aurtengo taldeak. Igoera lortzeko behar hori igartzen duzue?
T.B.: Ez dut uste behartuta gaudenik. Daukagun guztia emateko eta taldeari laguntzeko etorri gara; hori da garrantzitsuena. Hortik aurrera ikusiko dugu zer gertatzen den.
J.C.: Igoera lortu ezik, ez nintzateke desengainaturik sentituko, baina badakit igoera dela gure helburua, eta, talde itzela dugunez, helburu horretatik gertu egon gaitezkeela. Talde osoak hori buruan duela lan egingo du.

Zer moduz moldatzen zarete entrenatzailegaz?
S.B.: Oso entrenatzaile ona dela uste dut. Entrenamenduetan jartzen duen intentsitatea gustatzen zait. Taldean denbora asko daramatenak zein gutxi daramatenak, denak tratatzen ditu berdin.
J.C.: Hain gaztea izanda, saskibaloiari buruz duen jakintza miresten dut. Jokalari bakoitzak duen talentua taldearen mesedetan aprobetxatzeko abilezia du.

Zelakoa da zuen bizimodua Zornotzan? Zuen herrialdeagaz alderatuta, zer alde du?
T.B.: Bizimodu desberdina da, seguru, baina guztira moldatzen saiatzen naiz. Niri batez ere hizkuntza egiten zait gogorrena, taldekideekin komunikatzeko tresna beharrezkoa delako, eta gaztelania hobetzen ari naiz apurka. Gastronomian alde handia dago. Hemengo janaria asko gustatzen zait, zoragarria da. Dena dela, Estatu Batuetako janariagaz geratzen naiz [barrez].
S.B.: Europarra naiz, eta ezagutzen dut hemengo bizimodua. Belgradon [bere jaiolekua] milioi eta erdi lagun bizi dira, eta, horregaz alderatuz gero, Zornotza herri txiki bat da bere berezitasun guztiekin. Asko gustatzen zait. Hori bai, iaz Kanaria uharteetan egon nintzen, eta hemen euri gehiago egiten duela konturatu naiz [barrez]. Oraingoz ez dugu asti handirik izan turismoa egiteko. Behin Bilbo bisitatu genuen, baina momentuz hori bakarrik.
J.C.: Nire herrialdeagaz ez dut alde handirik sumatu. Uste dut ondo moldatu naizela hemengo bizimodura.  

Saskibaloian jokatzeko era oso desberdina da AEBetan eta Europan. Aldaketa handia sumatu duzue?
J.C.: Jokatzeko era asko aldatzen da, ikaragarri. Kostatzen ari zait moldatzea. Askotan aipatzen den irteerako urratsak zuzentzea gaitz egiten zait.
T.B.: Jokatzeko era eta arauak desberdinak dira, hori horrela da, baina ez dut uste nire jokatzeko moduan inpaktu handirik eragiten duenik. Lortu behar dudana da nire jokatzeko modua hemengo arau eta eskakizunetara moldatzea. Hemengo saskibaloia taktikoagoa da, eta fisikoki gehiago eskatzen du. Baloirik ez dugunean igartzen dut eskakizun fisikoa handiagoa dela: arerioari gorputzagaz eutsi, hutsuneak bete…

Euskara ikasten ahaleginduko zarete?
T.B.: Hizkuntza zaila iruditzen zait. Momentuz gaztelaniagaz konformatuko naiz.
S.B.: Dena dela, Zornotzako musika talde batek [Zirkinik Bez] taldeari eskainitako abesti bat sortu du, eta guk koruak euskaraz abestu ditugu. Abestia zaleek eskaintzen duten sostengua eskertzeko modua da.

Zaleei zer mezu eman gura diezue?
J.C.: Etorri daitezela partiduetara taldea ikustera eta animatzera. Mundu osoko talentuak Zornotzan batzeko ahalegin handia egin dute, eta denok bat gara Zornotzaren alde.
T.B.: Bai, etorri daitezela animatzera!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!