Japongo kultura kaleetara zabalduko du Mangamore jaialdiak asteburuan

Anboto 2014ko urriaren 7a

David Murillo, Andoni Agirrebeitia, Miriam Arriaga, eta jaialdiak irauten duen bitartean herriko kaleetan zehar ibiliko den Mangamore jaialdiaren maskota: Urashi.

Zelaieta zentroan aurkeztu dute, gaur, asteburuan Zornotzan ospatuko duten Mangamore jaialdia. Japongo kultura gozatzeko aukera eskainiko dute, bariku, zapatu eta domekarako antolatu dituzten 90etik gora jardueretan.

Tailerrak, lehiaketak, musika emanaldiak, umeentzako ekintzak, berbaldiak, eta bideojokoak jaso dituzte martxotik jorratzen aritu diren programa anitzean. Japongo kultura tradizionalaren erakusle, kimonoa janzten ikasteko tailerrak, edo Kendo eta Ninjutsu borroka arteen erakustaldiak egongo dira, esate baterako.

Bestalde, Mangamore jaialdian esentzialak diren manga eta animeko sorkuntzek, cosplay subkulturen erakustaldiak eta karaokea ere ez dira, faltako, urriaren 10etik 12ra, Zornotzan. Baina azpimarratu duenez, jaialdiaren lehenengo edizioetan oinarri hartu zituzten gazteei zuzenduriko ekintzeta horietatik haratago zabaldu dute jaialdia, aurten: "Adin guztietako herritarrei zuzendutako eskaintza da prestatu duguna".

Orain arteko edizioetan Zelaieta zentroa izan bada Mangamore jaialdiaren gune nagusia, baina, Japongo kulturaren askotariko erakustaldiak Zornotzako kaleetara zabalduko dituzte, aurten. Zelaieta parkean karpa gastronomikoa ipiniko dute, eta frontoian eta karpa horretan muntatuko dituzte jaialdiaren barruko askotariko emanaldietarako eszenatokiak. Gastronomiari dagokionez, mota guztietako Japongo produktuak dastatzeko aukera egongo da asteburuan Zornotzan, eta baita dastaketetan eta tailer gastronomikoetan parte hartzeko ere.

Musika emanaldiak ere izango dira, Mangamore jaialdian gozagai. David Murillo udaleko gazteria arloko arduradunak azpimarratu duenez, herrialde hartan oso ezaguna den Yuimino+ talde japoniarra, edo bideojokoen soinu-banden bertsioak egiten dituen Atack On Games taldeak etorriko dira, besteak beste, Zornotzan jotzera. Gainera, herriko Eromen taldeak eta Zaparrada batukadak ere eskainiko dituzte emanaldiak Mangamore jaialdiaren barruan.

Urterik urte zornotzarrek jaialdian parte-hartze handiagoa dutela azpimarratu dute antolatzaileek. Andoni Agirrebeitia zinegotziaren berbetan, "gero eta sustraituagoa dago jaialdia Zornotzan, eta herriko eragileek parte hartuko ez balute ez litzateke posible izango hain programa zabala osatzea".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!