Sasoi bateko txirrindularitzaren ezaugarriak eta txirrindularien garaipenak gogoratuko dituen mahai ingurua izango da bihar, 12:30ean, Zornotzako Zelaieta zentroan. 80 urtetik gora dituzten Zornotza eta inguruetako bost txirrindulari batuko dira bertan: Julian Agirrezabal, Oscar Elgezabal, Felipe Alberdi, Fausto Iza eta Anton Barrutia. Urgozo txirrindulari taldea da ekitaldiaren antolatzailea.
Bost txirrindulari ohiek 40, 50 eta 60ko hamarkaden artean garatu zuten euren ibilbidea. Pedro Mari Goikoetxea kazetaria gidari dutela, euren gaztetako garaipenik esanguratsuenak gogoratuko dituzte, baina orduko txirrindularitzaren gaineko berezitasunak eta anekdotak ezagutarazten ere saiatuko dira. Izan ere, orduko txirrindularitzak ez zuen gaur egungoagaz zerikusirik. Adibide moduan anekdota hau: sasoi hartan, Andaluziako Itzulia lehiatu gura zutenean, euskal txirrindulari asko bizikletan joaten ziren hemendik hara, gero, bizikleta beragaz itzulian parte hartzeko. Ondoren, sariren bat irabaziz gero, trenean itzultzen ziren, eta, irabazi ezik, berriro bizikletan. Horixe zen Oscar Elgezabalen, Barrutia anaien (Anton eta Kosme) eta beste hainbaten eguneroko ogia garai hartan, eta tankera horretako abenturak protagonisten euren ahotik entzuteko aukera eskainiko dute bihar.
Horretaz gainera, Urgozok han eta hemen batutako sasoi bateko argazkiekin osatutako bideo bat ere eskainiko dute. Mahai inguruaren ostean, lagunarteko bazkarian batuko dira Jauregibarria jatetxean. Ekimenak harrera ona baldin badu, baliteke hurrengo urteetan ere jarraipena ematea beste protagonista batzuekin.

JULIAN AGIRREZABAL - Iurreta, 88 urte
Bere ibilbide profesionala 1945. eta 1954. urteen artean garatu zuen, eta, guztira, 25 garaipen lortu zituen. Horien artean, 1952an lortutako Espainiako Ziklo-kros Txapelketa nabarmendu daiteke. Azpimarratzekoa da bere ibilbideko azken lasterketa, Arratera Igoera, irabazi egin zuela. Ez zen sasoirik onenean joan, baina mendian gora abilezia handia zuen, eta Jesus Loroño eta beste hainbat izar menderatu zituen.

OSCAR ELGEZABAL - Muxika, 86 urte
40ko eta 50eko hamarkadetan aritu zen profesional mailan. Gaztetan, gurasoen ezkutuan hasi zen bizikletan. 17 urte zituela, aita hil zitzaion, eta etxeko lanen kargu egin behar izan zuen. Orduan, amak ezer jakin barik, 04:00etan esnatzen zen bizikletan entrenatzeko, eta, ondoren, ikastera joan aurretik, behiak jezten zituen. Lasterketak irabazten hasi zenean jakin zuen amak zertan zebilen, auzotarren partetik zorionak jasotzen hasi zenean.

FELIPE ALBERDI (KATIA) - Zornotza, 84 urte
1952-1961 artean izan zen profesional, eta hemezortzi garaipen lortu zituen errepidean zein ziklo-krosean. Baina markarik onena ez zuen lasterketa ofizial batean lortu. Donostian soldadutza egiten zebilela, lasterketa bat lehiatzera joan zen. Agintariak bere bila hasi ziren telefonoz. Jakinarazi ziotenean, bizikletako eskulekuari behe-behetik heldu, eta arrapaladan itzuli zen: “Sekula ez naiz hain arin ibili!”.

FAUSTO IZA - Lemoa, 83 urte
1956. eta 1961. urteen artean jardun zuen profesional, hainbat taldetan. Lemoarra da, baina Igorren bizi izan da urterik gehienetan. Hiru bider lehiatu zuen Espainiako Itzulia, eta horietako batean, 1958an, Gasteizen hasi eta Bilbon amaitu zen 169 kilometroko etapa irabazi zuen. Urte hartan Bicicleta Eibarresa itzuliko etapa batean ere gailendu zen. 1960an beste etapa bi irabazi zituen: Andaluziako Itzulian eta Montañes zirkuituan.

ANTON BARRUTIA - Iurreta, 81 urte
1953. eta 1966. urteen artean 52 garaipen lortu zituen. Bost txirrindulari ohien artean berea da palmaresik oparoena. Besteak beste, Espainiako Itzulian bost etapa eta Espainiako Ziklo-kros Txapelketa bat irabazi zituen. 1960an meritu handiko laugarren postua lortu zuen Munduko Ziklo-kros Txapelketan; aldapa bat jaisten zebilela erori, berriro bizikleta gainera igo, eta azkenengo postutik laugarrenera igaro zen.