XIV. Txistulari Eguna ospatzeko elkartuko dira Zornotzan, zapatuan

Anboto 2014ko irailaren 18a

Zornotzako Udazken txistulari taldeak antolatu du XIV. Txistulari Eguna. Arratsaldez izango dira biharko ospakizun egun horretako ekintza gehienak, eta Zornotzako txistulariekin batera, Bermeo, Eibar, Bakio eta Durangoko musikariek ere hartuko dute bertan parte.

Zelaieta parkean elkartuko dira txistulariak, 17:30ean. Lehenengo, talde txikietan, banda bakoitzak herriko eremu batean kalejira egingo du. Txistuaren soinua Zornotzako leku guztietara zabaltzeko asmoz, Ogenbarrena, Ixer, Larrea, Andrandi, Gane eta Zubizabala auzoetan ariko dira jotzen. Gero, berriro elkartuko dira txistulari guztiak, eta, 19:00etatik aurrera, herriguneko kaleetan zehar kalejira egingo dute txistulariek.

Tronpetari bi ere ariko dira tartean, herriko hainbat lekutan kontzertu txikiak eskaintzeko. Gorbeako gurutzea zortzikoa, balsak, jotak, arin-arinak, biribilketak eta abesti herrikoiak eskainiko dituzte, besteak beste, eta baita Udazken taldearen Matxinsalto ereserkia eta Aupa gazteak! Zornotzako ereserkia ere. Hogeita bost txistulari inguruk hartuko dute biharko ekitaldietan parte.

Afaritara batuko dira, azkenik, eguna biribiltzeko, Txistulari Egunean parte hartuko duten musikari guztiak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!