anboto.org

Lara Izagirre: "Ilusio handia egiten dit nire lehenengo film luzea Zornotzan grabatzeak"

  Kultura  Zornotza

Urrian bere herrian grabatuko du Lara Izagirre Garizurietak (Zornotza, 1985) ‘Un otoño sin Berlín’ filma. Atzerrian bizi eta gero bere herrira, Zornotzara, bueltatzen da filmeko protagonista. Hori da istorioaren abiapuntua.

Zer da ‘Un otoño sin Berlin’ filmagaz kontatu nahi duzuna?
Oraindik ere hori bilatzen dihardut. Idazten hasi nintzenean ez nintzen konturatzen zertan nenbilen. Denboragaz ohartu naiz ideia nagusiak gizabanakook elkar onartzeagaz zerikusia duela. Ez genuke bestea aldatzen saiatu behar. Kasu honetan, filmean, bikote harreman batean ikusten da hori.  

2011tik asko garatu da ideia?
Bai, zortzigarren bertsioagaz gabiltza: hasierako ideia mantendu dugu, baina elkarrizketak, esaterako, askoz landuago daude orain, eta pertsonaiak ere askoz hobeto definituak. Idatzi nuenean, uste dut ez nuela nire burua film luze bat zuzentzeko prest ikusten. Baina idatzi nuen, eta bitartean Next stop Greenland eta Sormenaren bide ezkutuak film laburrak egin ditut. Urtetebete baino gehiagoz eduki dut film luze hau egiteko proiektua geldi, kutxatik atera eta mugitzen hasi arte.

Izenburua filmaren argumentuaren pista argia da?
Udazken hasieran hasi eta amaierara artekoa da Un otoño sin Berlín filmeko kontakizuna. Diegoren eta Juneren amets bat da Berlin. Atzerrian bizi izan eta gero, herrira bueltatzen da June, eta Diegogaz Berlinera bizitzen joaten saiatzen da. Gauza asko gertatzen da udazken horretan.

Zeu ere atzerrian bizi izandakoa zara. Asko dauka zure bizipenetatik istorioak?
Orain ari naiz horretaz konturatzen... Ez nuke esango ez pertsonaia bat, ez bestea naizenik, baina biek dute niretik zer edo zer. Honelako prozesuetan ezin duzu ihes egin: konturatu barik zoaz zure izaera sartzen. Bizitzak eragina du: inguruan daukazun jendeak, irakurtzen duzunak... Baina edozelan ere filmeko istorioa ez da autobiografikoa.

Zer puntutan zaudete filmaren sorkuntza prozesuan?
Urriaren 6an hasiko gara grabaketa lanagaz, eta aurreprodukzioa deitzen den fasean gaude orain; gidoiari azken ukituak ematen, aktoreekin probak egiten, bigarren mailako aktoreak aukeratzen, kamerekin probak egiten eta talde teknikoa osatzen, adibidez.

Inoiz zuzendu duzun lantalde handiena da, ezta?
Bai, horrela da. Bakoitza bere lanetan hogei lagun inguru gabiltza orain, baina gehiago ere izango gara gero. Lantalde teknikoan, orain arte nigaz lan egin dutenak badaude, baina badago orain ezagutu dudan jendea ere.
 
Nolako sentsazioak dituzu hain lantalde handiagaz lanean?
Orain zatika egiten gabiltza dena: egun batean jantzien arduradunagaz, bestean argazki zuzendariagaz... Denak batera niri begira ikusten ditudanean, orduan izango da bestelakoa. Edozelan ere, laguntza handia izango dut, eta topera aprobetxatuko dugu esperientzia; izan ere, ez dakigu beste aukerarik izango dugun film luze bat egiteko.

Istorioa Zornotzan izango zela hasieratik eduki duzu argi?
Atzerrian bizi izan den neska bat ia abisatu barik bueltatu da herrira, Zornotzara. Ama hil zitzaionean, bizitzako une latz batean, ia abisatu barik joan zen, eta bi urte eta gero bueltatu da herrira. Herri bat aukeratu behar nuen, eta neurea aukeratu dut. Ilusioa egiten dit nire lehenengo film luzea Zornotzan kokatzeak.

 

June eta Diegoren paperak, Irene Escolar eta Tamar Novasen eskutik

Hautaketa prozesuan ezagutu zuen lehenengo aktorea, Irene Escolar madrildarra, aukeratu zuen Lara Izagirrek Un otoño sin Berlín filmeko protagonistaren papera egiteko. June izateko. Filmari buruzko solasaldiaren ostean, Escolar tabernatik ateratzen ikusi zuenean, “hor doa gure June” pentsatu, eta erabakia hartu zuela azaldu du zuzendari zornotzarrak.

Diegoren pertsonaia nork egingo zuen, ordea, ez omen zuen hain argi, eta Escolarrek proposatu zion Tamar Novas. Mar adentro filmean egindako lanagatik errebelazio aktore onenaren Goya saria irabazi zuen 17 urtegaz Novasek. Gidoia asko gustatu zaio, eta Escolarregaz lan egiteko gogo handia dauka. Gogotsu onartu du Izagirreren eskaintza.

“Oso pozik nago eurekin”, dio zuzendariak filmeko aktore nagusiez. Zineman gutxitan egiten dena egin ahal izan du eurekin: aktoreekin gidoia landu du hiru astez, grabaketara hirurak buruan film beragaz heltzeko. Izagirrek azpimarratu duenez, lanerako gogo handia eta dedikazioa eskatzen du horrek, baina “euren ofizioa maite dute, eta entseatzeko gogotsu daude”.  

Bestetik, Mariano Estudillo aktore durangarrak egingo du Juneren nebaren papera, Naiara Carmonak haren lagunik onenarena, Ramon Bareak aitarena, eta Liher Quesadak Nikorena, Juneren frantsez ikaslearena.

New York Film Academy eskolan ikasi zuen Lara Izagirrek zinema zuzendaritza. “Han ikusi nuen argi hau zela egin nahi nuena: sorkuntza, talde lana...”. Ikasketak bukatuta, urte eta erdian hango ekoiztetxeetan jardun zen lanean, Euskal Herrira bueltatu, Gariza Produkzioak ekoiztetxea martxan jarri, eta film laburrak eta ikastaroak ematen hasi zen arte. Ikus-entzunezkoen hainbat tailer eskaini ditu, esaterako. “Bakoitzak ikasi dugun hori beste batzuei erakusteko” espazio gehiago sortu behar genukeela uste du Izagirrek. Izan ere, Arkaitz Basterra zornotzarrak eman zuen ikastaro batean hurreratu zen Izagirre lehenengoz zinemara. Zornotzan zinekluba antolatzen duen elkarteko kide ere bada Izagirre: “Komunitate bat sortzea da gure helburua, zinema gustuko duen jendea elkartzeko”.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa