Herriko kaleak kolorez bustiko dituzte margolariek, uztailaren 13an

Anboto 2014ko uzt. 9a, 17:00

1.900. urtean Zornotzan jaio zen Enrike Renteria pintorearen omenez hasi ziren, kaleko pintura lehiaketa antolatzen, duela hamazazpi urte. Izen hori daraman margo lehiaketaren XVII. edizioa ospatuko dute, domeka honetan.

 

Zornotza Arte eta Kultura Elkarteak (SACZ) antolatzen du lehiaketa, eta Joseba Fernandez elkarteko lehendakariak, David Latxaga Zorrnotzako alkateak eta Andoni Agirrebeitia zinegotziak aurkeztu dute aurtengo edizioa.

Bi margo lehiaketa berezitu egingo dituzte, Fernandezek azaldu duenez, uztailaren 13an, Zornotzan: kaleko pintura lehiaketa "tradizionala" egingo dute, batetik, eta Zintzilik izenekoa, bestetik.

Domekan, 09:00etatik 11:00etara Zelaieta zentroan izena ematen duten margolariek hartuko dute parte, kaleko pintura lehiaketa “tradizionalean”. Lehiaketaren aurkezpenean azaldu dutenez, iaz 40 lagunek hartu zuten parte, eta beste horrenbeste espero dituzte etziko ere. Domekan, 16:00etatik 17:00etara arteko tartea izango dute artistek, egun horretan Zornotzako hirigunean zein Etxanoko gune historikoan egindako marrazkiak entregatzeko. Sei sari banatuko dituzte 14 urtetik gorakoen artean: 500 euroko lehenegoa. Aurten, lehenengoz, margolari zornotzar batek egindako koadrorik onenari ere 200 euroko sari berezia emango diote.

Balkoietatik 'Zintzilik'

Zintzilik izeneko lehiaketa ere egingo dute, domekan, Zornotzan. 1,30x1,50 neurriko oihaletan egingo dituzte lehiaketan parte hartuko duten 20 artistek euren lanak, eta herriko balkoietan ikusgai ipiniko dituzte. Lehiaketaz kanpo beste 70 lan ere izango dira Zintzilik ekimenaren barruan, Zornotzako balkoiei kolorea ematen.

Domekan egingo dituzte margo lehiaketa bietako sari banaketa ekitaldiak, Zelaieta Zentroan, 18:00etan.
Kulturgune horretan ipiniko dituzte, uztailean zehar, margolanak ikusgai.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!