Zubizabalako bizilagunek ezetz esan diote arrapala egiteko proiektuari

Anboto 2014ko uzt. 1a, 15:00

Jose Luis Gomez joan zen barikuko udalbatzarrean azalpenak ematen
Udal ordezkariek eta Zubizabalako bizilagunen ordezkaritzak batzar bat baino gehiago egin dute tren geltokirako arrapala zelan egin erabakitzeko. Adostasuna zegoela zirudien, baina batzar horietatik irtendako proposamenari ezetz esan diote Zubizabalako bizilagunek batzar irekian.

 

Zubizabalako bizilagun Jose Luis Gomezek eman zuen batzar irekian irtendako emaitzaren berri joan zen barikuko udalbatzarrean: “Bizilagunen iritzi orokorra da proposamena ez onartzea”. Horrekin batera,  “orain arte mantendu dugun adeitasunez beste alternatiba bat bilatzen” jarraitzeko deia egin zuen. Aurrera begirako batzarrak udalak berak deitzea eskatu zuen.

Gobernu Taldeak (EAJ) eta PSEk batzar bat baino gehiago egin dute bizilagunekin; ildo horretatik, batzar horietara inork ez dituela gonbidatu salatu zuen EHBilduk maiatzeko udalbatzarrean.

Arrapala berriko proiektua idazten ari dira orain eta asmoa uztaileko udalbatzarrera eramatea zen. Kasu hori ematen bada zinegotzien artean “bozketa ezkutua” egiteko eskatu zuen Gomezek.

David Latxaga: “Jakinarazpen horrek harrituta utzi gaitu”

Latxagak “harrituta” hartu zuen Gomezen jakinarazpena. Zubizabalako zazpi bizilagunekin egindako azken batzarrean, zazpitik sei “proposamenagaz ados” agertu zirela adierazi zuen: “Proposamen egokia zela uste genuen”. Horregatik ez zuen espero batzar irekian emandako emaitza. Hala ere, beste batzarren bat egiteko ez duela eragozpenak aipatu zuen.

Arrapala berria egiteko mahai gainean hiru proposamen zeudela argitu du Latxagak: “Hiruretatik egokiena aukeratu dela uste dugu. Beste biek arazo gehiago sortzen zituzten. Batean jabego pribatun sartzen ginen eta desjabetzetan sartu behar ginen. Beste batek eragozpen teknikoa sortzen zituen. Proposamenik egokiena aukeratu zela uste dugu”.

PSEko zinegotzi Antonio Castelletek ere onartu zuen “harrituta" zegoela: “Proiektu ona dela uste dut”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!