Tren estazioan arrapala bat behar dela adierazi dute Zubizabalako bizilagunek udalbatzarrean

Anboto 2014ko mar. 28a, 16:58
Tren estazio ondoan egin duten eskailera eta igogailua
Zubizabalako bizilagun batzuk gaurko udalbatzarrera joan dira eta tren estazio ondoan arrapala baten beharrizana dagoela adierazi dute. Udal ordezkariak prest agertu dira datorren astean batzartu eta gaia jorratzeko.

 

Tren estazioa kaleko lurzoruagaz lotzeko aurreko azpiegiturak kendu eta eskailera eta igogailu berriak eraiki dituzte. Lanak amaitzeko gutxi falta da eta igogailua martxan dago azken hiru hile eta erdian. Lehen arrapala bat ere bazegoen, baina orain ez. Zubizabalako bizilagunek ingurune hartarako arrapala bat beharrezkoa dela uste dute eta halaxe jakinarazi dute gaur goizean Zornotzan egin den udalbatzarrean.

 

Aurretik PSE eta Bildu alderdietako ordezkariekin ere batu izan dira (Bilduko zinegotziek udalbatzarrean jakinarazi duten moduan), sare sozialetan arrapalaren aldeko orrialde bat sortu dute, baina gaur bertatik bertara adierazi gura izan dute euren ikuspuntua. Igogailua begi onez ikusten daute, baina ez zaie nahikoa iruditzen: batetik azpiegitura teknologikoa den heinean, huts egin dezakeela uste dute eta aste honetan bertan goiz batez ez zuela funtzionatu gogoratu dute. Bestetik, igogailua 06:00etatik 24:00etara dago erabilgarri eta ordutegi hori ez dela nahikoa adierazi dute. Horiek horrela, lehen arrapala bat zegoela, jende askok erabiltzen zuela eta gaur egun ere beharrezkoa dela adierazi dute. Beharrezkoa ez bizilagunentzat bakarrik, baita treneko erabiltzaile denentzat ere.

 

 

 

David Latxaga alkatea “edozein planteamendu entzuteko prest” agertu da. Horrela, datorren astean bertan bizilagunekin batzartzeko asmoa dutela adierazi du gaia bere osotasunean jorratzeko. Hala ere, hainbat zehaztapen eman ditu. Aurretik zegoen arrapala “ez zela asko erabiltzen” adierazi du eta berri bat ere ez litzatekeela erabiliko ondoan igogailu bat dagoenean.  Gaur egungo igogailua, aldiz, asko erabiltzen dela esan du datu zehatz batzuk gaineratuz: hiru hile eta erdian 64.200 bider erabili dute; egunean 590 bider, batez beste: Latxagaren esanetan, igogailuaren orain arteko arazorik handiena izan da obrekin batera funtzionatu behar izan duela. “Itxaron dezagun obra denak amaitu arte. Azken erremateak falta zaizkio. Horren ostean igogailuak ez du zertan hutsik egin”, adierazi du. Edozelan ere, mantenuaren ardura duen enpresagaz berehalako asistentzia zerbitzua (20 minutuan helduko lirateke) hitzartuta dutela esan du.

 

Ordutegiari buruz, kostuak handitzea ekarriko lukeeen arren, 24 orduko zerbitzua eskaintzea hausnartu daitekeela adierazi du alkateak, baina gutxi batzuek “ekintza bandalikoak” egiteko aprobetxatu dezaketen aukerak kezkatzen duela gaineratuz.

 

Arrapala da eskakizun nagusia, baina ez bakarra: argiztapena, gune berdeak… Bilduk adierazi du horiek denak jaso eta hirigintza batzordera eraman dituela. Bizilagunen ikuspuntuak errespetatzen dituela eta horiei erantzuna emateko eskatu du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!